Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, COVID-19arekin eri ziren 46 pertsona zendu dira joan den astean Hego Euskal Herrian. Zehazki, maiatzaren 3tik 9ra artean izandako heriotza kopuruari dagokio datua. Hala, aurreko astearen aldean, zenbatekoa apaldu egin da: apirilaren 26tik maiatzaren 2ra 59 lagun hil ziren gaitzak jota.
Transmisioari buruzko datuei dagokienez, Osakidetzak eta Osasunbideak guztira 12.318 proba egin zituzten COVID-19a detektatzeko asteartean, eta horien guztien %4,4k eman zuten positibo: 543k, alegia. Egunetik egunera, birusaren kutsatzearen mantsotzea gero eta agerikoa da Hegoaldean. Azken hamalau egunetako datuei so, eguneko 735 positibo atzeman dira batezbesteko; berriz, duela bi aste 1.000 kasuren langa gainditzen zuen datuak: 1.004 zen batezbestekoa.
Atzo atzemandako kasuetatik, Bizkaian 298 detektatu ziren; Gipuzkoan, 149; Nafarroan, 64, eta Araban, berriz, 29. Azken asteotako datuei erreparatuta, izurritearen bilakaerak lau herrialdeetan du beheranzko joera. Gainera, atzotik, Gipuzkoa da 400dik gorako intzidentzia tasa metatua duen lurralde bakarra (462). Izan ere, eremu gorritik atera da Bizkaia, 396 baita haren tasa. Araban eta Nafarroan, nabarmen apalagoa da datua: Nafarroan, azken bi asteetan 241 pertsonari atzeman diete gaitza 100.000 biztanleko; Araban, 232ri.