Politika

Gutxiengo demokratikoak eztabaidatu eta definitzeko prozesua abiatuko du Askatasunak

Askatasunak =iGuztiok Gara Giltza=i izenburupean abiatuko duen prozesua aurkeztu du gaur. Joxean Agirrek hitz egin du Askatasunaren izenean eta, besteak beste, "berme demokratikoen definizioa egiteko" prozesuaren nondik norakoak azaldu ditu. Askatasunarentzat gutxiengo demokratikoak bermatzea ezinbestekoa da konponbiderako prozesua gauzatzeko.

2006ko ekainaren 5a
17:36
Entzun
Askatasunaren hitzetan beharrezkoa da Euskal Herrian konponbidearen mahaia abian jartzea. Baina era berean, ezinbestekotzat jotzen du "gutxiengo demokratikoak ezartzea euskal jendarte osoarentzat". Izan ere, Joxean Agirrek azpimarratu duenez, "gutxiengo demokratiko horiek ukatzen badira konponketa prozesu osoa ukatzen da".

Askatasunaren arabera, gutxiengo demokratiko horiek "askatasun marko berri baterako abiapuntua izan behar dute". Horregatik, eta gutxiengo demokratikoak "prozesua gauzatzeko" ezinbesteko osagaia direla iritzita Guztiok Gara Giltza prozesua abiatuko du Askatasunak.

Helburu nagusia gutxiengo demokratiko horien "definizioa eta beren inguruko konpromisoa lantzea" izango da. Besteak beste, prozesu parte hartzailea izango dela azaldu du Joxean Agirrek: "Akordio politikoa lortu eta oinarri demokratikoak bermatzea" Euskal Herritarren esku dagoelako.

Guztiok Gara Giltza izeneko prozesu horretan txosten bat banatuko du Askatasunak. Besteak beste, bertan agertzen ditu "eztabaidarako ardatz" izango direnak. Batetik "konponbiderako gako politikoak". Horien baitan Euskal Herriaren aitortza, Amnistia eta autodeterminazio eskubidea aipatzen ditu Askatasunak. Txostenean, baina "konponbiderako gako demokratikoak" ere izendatzen dira.

Lau dira Askatasunak azpimarratzen dituen "konponbiderako gako demokratikoak". Horien definizioa egitea eta konpromisoak lantzea du helburu gaur aurkeztu duten ekimenak. Hauek dira Askatasunaren ustez, gako demokratikoak:

Prozesua ez baztertzailea. Askatasunaren ustez, beharrezko da herritar guztien parte hartzea. Ezin da bazterketarik egin "ez lurralde ez ideologia aldetik". Preso eta iheslariek ere prozesuan hartu behar dute parte.

Injerientziarik ez. Errepresioak amaitu beharra dauka "atal eta eremu guztietan". Era berean, euskal presoei "status politikoa" aitortu behar zaiela azpimarratzen du Askatasunak eta "epaitegien jazarpena indargabetu" egin behar dela.

Oinarrizko askatasun demokratikoen errespetua. Askatasunak legez kanporatzea eta alderdien legea aipatzen ditu, besteak beste.

Elkarri ez erasotzeko bi aldeetako konpromisoa abiapuntu izanik, biolentzia guztien desagertzea. Joxean Agirrek azaldu duenez, "errepresioa eteten ez den bitartean, eztabaida antzua" izango da.

Askatasunak herri batzarrak egingo ditu gutxiengo demokratiko horien gaineko gogoeta egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.