Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Alderdien balorazioa

Guztiekin akordioak lortzeko borondatea berretsi du Urkulluk

«Herri hau edozein alderdi eta ideologia baino handiagoa» dela frogatu dela adierazi du, eta, beraz, elkarlanean aritu behar delaEgonkortasuna eskuratzea ezinbestekoa dela-eta, «bihar denok lanera», esan du

Guztiekin akordioak lortzeko borondatea berretsi du Urkulluk.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko urriaren 22a
00:00
Entzun
«Akordio zabalen beharrean berresten naiz. Hau da nire asmoen aitortza, konpromiso gisa hartzen dudana: Akordio zabaletara iristeko, guztiekin hitz egiteko apustua berresten dut». Horixe esan du Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiak hauteskunde emaitzen berri izan bezain laster bere egoitza nagusi den Sabin Etxean. Orain «aro berria» hasiko dela adierazi du. «Herri honek aurkezten dizkigun erronkek akordio zabal, anitz eta egonkorrak eskatzen dizkigute». Horixe erakutsi dute hauteskunde emaitzek, Urkulluren ustez: «Herri hau edozein alderdi eta ideologia baino handiagoa dela. Euskadi anitza da».

Hortaz, alderdi politikoei zein «hiritargoaren ordezkariei» hauteskunde emaitzak «Euskadirentzako egitasmo bilakatzea» dagokiela adierazi du; eta hori, guztien arteko elkarlanean egin behar dela. Areago orain, «hiritargoak bere iritzia askatasun osoz» eman duenean. Hain zuzen, atzokoak hauteskunde historikoak izan direla uste du Urkulluk: «Historian lehen aldiz euskal gizarteak bere legebiltzarreko ordezkariak egoera guztiz demokratikoan aukeratu ditu, ETAren mehatxurik gabe eta herri honetako sentsibilitate politiko guztiek parte hartuz».

Orain, beraz, lanean hasi eta arazoei konponbidea emateko unea dela azaldu du. «Gaur, atzo bezala eta bihar bezala, krisi ekonomikoan murgilduta gaude. Gaur, atzo bezala eta bihar bezala, bakea eta elkarbizitza eraiki behar ditugu. Gaur, atzo bezala eta bihar bezala, Euskadirentzat egitasmo politiko partekatua diseinatzeko erronka dugu».

«Beharrezko dugu Euskadin akordioetarako eszenatokia eraikitzea», errepikatu du. «Herri hau ez da elkarren kontra eginez eraikiko. Ez da banaketatik edo bazterketatik eraikiko. Herri hau denon artean eta denontzat eraikiko dugu».

Horretarako, alderdi eta eragileez gain, herritarren laguntza ere beharko dela azaldu, eta «inplikazio kolektiboa» aldarrikatu du. Izan ere, krisi ekonomiko eta politikoaren aurrean, «egonkortasuna berreskuratu» behar dela ohartarazi du lehendakarigaiak. «Ezinbestekoa» dela. Hori dela-eta, «aldebakarreko erreformak sahiestu» behar direla esan du.

Independentziari buruz ez da mintzatu Iñigo Urkullu, baina bai Europari begiratu beharraz. Europaren arazoak konpontzen laguntzeko deia egin du buruzagi jeltzaleak. «Europan sinisten dugu. Europa gara». Horren guztiaren alde lan egiteko eskatu du: «Bihar denok lanera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.