Politikaren zurruntasunetik ihes egin, eta aisialdirako tartea hartu zuen atzo iluntzean EAJk. «Gizartearekiko topaketa» iragarria zuen kanpainako ekitaldi nagusi gisa, eta ezohiko emanaldi arinarekin ordezkatu zuen ohiko mitina. Mezu politikorik apenas izan zuen ordubetetik gorako ikuskizunean; amaiera aldean Iñigo Urkullu lehendakarigaiak oholtzatik botatako zertzelada batzuk besterik ez; akordioarekiko konpromisoa berretsi, «guztien lehendakari» izateko nahia azaldu eta garai berria iragarri zuen: «Badakigu garai berria datorrela Euskadirentzat. Guztion artean eraikiko dugun Euskadi berria».
«Konfrontaziorako eztabaida» atzean utzi nahi duela adierazi zuen lehendakarigaiak, Bilboko Campos antzokian giro atseginean egindako ekitaldian. Urkulluri serioegia izatea egozten diotela eta, umorea izan zen nagusi enpresa, kirol, kultura eta hezkuntza munduko 300 bat gonbidatu izan zituen topaketan.
Xabier Lapitz Onda Vasca irratiko esataria gidari zuela, Tor magoak karta jokoa eginda erakutsi zion babesa EAJri. Deia egunkarian politikarekin lotutako umorezko binetak egiten dituzten marrazkigileak lanean jarri zituen Lapitzek. Baita Iñaki Garcia Erguin margolaria ere, aretoaren beste alde batean.
Jose Luis Korta arraunlari eta Kaikuko patroiak «urduri» aurre egin zion prestatu zioten «segadari». «Euskadiren patroirik onena» Urkullu dela esan zuen, EAJk hauteskunde kanpainan lehendakarigaiaren irudia sendotu, samurtu eta gertuagokoa egiteko martxan jarri duen Ezagutzendudalako.org webgunean grabatuta utzitakoa errepikatuta. «Zer egin behar da itsaso kizkurra dagoenean?», galdetu zion ondoren irratiko esatariak; «aurrez aurre joan», erantzun zuen Kortak, Urkulluk dohain hori baduela iradokitzeko.
170 lagunen babesa
Urkulluren bertuteak goratzeko web orrian 170 pertsonak parte hartu dutela gogoratu zuen Lapitzek. Horiei guztiei eskerrak eman zizkien lehendakarigaiak, hitza hartu zuenean: «Bihotzez eskertzen dizuet, babes horiek publiko egiteak zer esan nahi duen jakitun naizela». Pertsona ezagun horiek EAJrekin hartutako konpromisoa bai EAJk bai Urkulluk berak ere haiekiko hartzen dutela esan zien.
Vaya semanita telebista programako antzezleek barre algarak sortu zituzten ikusleen artean; bai «kaleko inkesten berri» emateko lanetan zuri, berde eta gorriz jantzitako laguntzailez aritu ziren Ajuria eta Enea pertsonaiek, bai euskal herritarrek neskatan aritzeko dituzten taktiken kontakizunean aritu zen Julenek.
Agertokian, borobilean jarritako mahaietan, EAJko buruzagien artean izan ziren Begoña Errazti EAko presidente ohiak eta Juan Ignacio Perez EHUko errektore ohiak ere bertatik babestu zuten Urkullu. «Prest eta prestatuta dago Iñigo. Serioa da, baina seriotasuna behar da politikan, gainontzeko alorretan bezala. Gu harekin gaude», esan zuen EAko buruzagi ohiak. Errektore ohiak hitzeko gizona dela adierazi zuen babesa erakusteko.
Urkulluk esker ona agertu, eta margolariek zuzenean egindako lanak eman zizkioten Urkulluri. Olatz Saitua sopranoaren eta Itziar Barredo piano jotzailearen doinuekin amaitu zen ekitaldia.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. EAJ
«Guztion artean eraikiko dugun Euskadi berria» iragarri du Urkulluk
Ohiko mitinetatik aldendu, eta aisialdiaz gozatzeko ekitaldi umoretsu bat eskaini die EAJk 300 gonbidaturi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu