Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

«Guztion Espainia» defendatu du Basagoitik «lasaitasun agertoki» gisa

Donostian egin du PPk lehen agerraldia; independentzia nahi ez dutenak deitu ditu bozkatzera Basagoitik

Basagoiti, Quiroga eta Semper, PPk atzo goizean Donostiako alde zaharrean egindako ekitaldian. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena
Donostia
2012ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Donostiako Konstituzio plazan egin du kanpainako lehen kale agerradia PPk. Historikotzat jo du Antonio Basagoiti lehendakarigaiak ekitaldia Donostiako alde zaharrean egin izana, eta gogorarazi du aspaldian ez zutela ekitaldirik egin bertan. Banaketa kamioiek eguneroko martxan jarraitzen zuten bitartean, panel zuri bat margotu dute Basagoitik eta PPko hamabost bat jarraitzailek, «Euskadiren aniztasuna» irudikatzeko asmoz. «Guztion Espainian eta Europaren barruan egotea da lasaitasun agertokia», esan du Basagoitik.

Aniztasuna eta Espainiako Konstituzioa lotu dituzte Gipuzkoako zerrendaburu Arantza Quirogak eta Basagoitik euren adierazpenetan; konstituzioaren aurka, aldiz, independentzia eta «haustura». Quirogak esan duenez, «elite independentistak» ez du onartu nahi «Euskadiko identitate aniztasuna». Basagoitik aldarrikatu du oinarrizkoa dela pertsonen pluraltasuna azpimarratzea: «Euskadi guztiokin eta guztiontzat eraikitzen da; hori errespetatzeko prest dauden guztiekin esan nahi dut, noski. Ulertzen didazue», gaineratu du. Bide beretik, «EAJko independentistei» mintzatu zaie Quiroga, eta esan die euren identitatea «banakoarena» dela, «independentistak identitate guztiak homogeneizatzen saiatu arren».

Ildo horretan, Basagoitik esan du esparru politikoa dagoela jokoan urriaren 21eko hauteskundeetan: «Edo guztion Espainian eta Europan egongo gara, edo hirugarren mailako herrialdeen leku batean». Izan ere, EAJk independentzia defendatzen duela ziurtatu du PPren lehendakarigaiak, eta adierazi du «haustura, atzerapena, pobrezia eta Europatik kanpo egotea» esan nahi duela horrek: «Independentzia demokraziarik eza da, elkarbizitzarik eza; EAJri botoa ematea, berriz, euskaldunen gehiengoak nahi ez duen independentzia bozkatzea».

Margo eta txantxa artean

Horrez gain, Kataluniako egoera ere ekarri nahi izan du Basagoitik kanpainako lehen ekitaldira. «EAJk eta CiUk itun bat egina dute: independentziara heltzeko, Espainia desegiteko», adierazi du. Ekitaldiaren hasieran ere, panel zuria margotzen ari zirela, Katalunia aipatu du PPko jarraitzaile batek. Basagoitik marra hori bat margotu du kolore gorriaren azpian, eta «orain berriz ere gorria faltako da, ez?», esan du, Espainiako banderaren koloreei erreferentzia eginez. PPko jarraitzaileak, berriz, zera erantzun dio, txantxa artean: «Kontuz, ez dezagun egin Kataluniako bandera!».

Txantxak gorabehera, Basagoitik gogor kritikatu du EAJko lehendakarigai Iñigo Urkullu. PPren lehendakarigaiak esan du Urkullu dela orain «elkarbizitzarako eta krisitik ateratzeko mehatxua», eta gaineratu du independentziaren aurka dauden guztiak hautestontzietara joatea dela mehatxu horri aurre egiteko modu bakarra. Izan ere, «abenturen» aurrean, lasaitasunerako esparru gisa definitu du Espainia Basagoitik.

PPko hautagaiek argi utzi nahi izan dute lasaitasun horren lege esparrua Espainiako Konstituzioa dela. Quirogak esan duenez, «askatasun esparrua» da konstituzioa, inoizko demokrazia aldirik luzeena bizitzeko modua eman baitu: «Konstituzioak egin du Euskadi gaur egun dena. Guztion etxea da konstituzioa, guztiok, euskaldunok barne, hobeto bizi garena». Ekitaldiaren hasieran, Quirogak aitortu du horregatik aukeratu dutela kanpaina hasteko leku hori ere, plazaren izenagatik. Ekitaldia bukatuta,kameraz inguraturik irten dira plazatik Basagoiti eta Quiroga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.