HABE «doitu» egingo dute, krisia eta ikasle urritzea tarteko

Euskaltegi homologatuen finantzaketa «egonkorra» hitzartzeko bilerak hasiko ditu Eusko Jaurlaritzak datozen asteetanUdal euskaltegiek zentroen sare bateratua osatzeko proposamena plazaratu dute

Euskara ikasleak irakaslearen azalpenak jasotzen, euskaltegi batean, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako euskaltegi pribatu homologatuek finantzaketa «egonkorra» izan dezaten, bilerak hasiko ditu Eusko Jaurlaritzak. HABEko, Eusko Legebiltzarreko eta euskaltegi pribatu homologatuetako ordezkariek lantalde bat egingo dute datozen asteetan gaia jorratzeko. «Eusko Jaurlaritzak bere esku dagoen guztia egingo du HABEren nahiz euskaltegien funtzionamendu egokia bermatzeko», aurreratu du Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Atzo, HABEren lana eraberritzeko plan estrategikoaren berri eman zuen Eusko Legebiltzarrean. «Doitu» egingo dute, krisi ekonomikoak dakarren testuingurura eta ikasle murrizketara egokitzeko. HABEren lan egiteko zenbait era «zaharkituta» daudela aitortu zuen.

Urriaren 18an izango da lehen bilera zentro homologatuekin, eta emaitzak ahal den azkarren lortzearen alde egin dute euskaltegiek. Kultura Sailak datorren urterako aurrekontua urtea bukatu aurretik itxiko duela gogorarazi zuten atzo Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian, eta 2012ko aurrekontu horietan finantzaketari buruzko akordioak islatu beharko liratekeela uste dute. Gainerakoan, nahi eta ezinean ibiliko direla azaldu zuen atzo Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusiak. «Legegintzaldi osoa aurrerapenik gabe emango genuke». Finantzaketa publiko egonkorrak sektorearen lan eta soldata baldintzak «egokitzat jotzen diren erreferentzien arabera» hobetzen lagundu beharko lukeela diote. HABEk ezarritako irizpide guztiak betetzen dituen heziketa eskaintzen dutela nabarmendu dute, baina beste sektore batzuk baino baldintza eskasagoetan.

Ekintza plana, aurki

Finantzaketari buruz hitz egiteko urriaren 18ko bilera HABEko plan estrategiko berriaren ardatzetako bat da. «Finantza sistema egonkorra eta malgua» lortzeko helburuaz gain, beste erakunde publikoekin finantzaketa formula «finkoak» ere mahai gainean jarriko dira. Iñaki Uribe HABEko zuzendari nagusiarekin batera azaldu zituen atzo Auzmendik plan estrategiko berriaren nondik norakoak. «Baditu gabeziak HABEk, eta badituzte gabeziak euskaltegiek. Badago, beraz, zer hobetua, eta horregatik egin da plan estrategikoa».

Hobetu beharreko alor horietan eragiteko «ekintza plan bat» abiaraziko dute datozen hilabeteetan, betiere HABE eta euskaltegien arteko lankidetzan. «Hankamotz geratuko ginateke euskaltegi guztien, bertako ordezkarien, irakasleen nahiz ikasleen inplikazio eta ekarpenik gabe», azaldu zuen Uribek.

Asmo horiek plan berriaren bost helburu estrategikoetan txertatuta daude. Hala, testuinguru ekonomiko berrira egokitzeaz gain, eskari malgu eta askotarikoen arabera eskaintza eta ikaste prozesuak egokitzeko beharra ezarri du planak, besteak beste.

Euskalduntzeak gora egin ahala euskaltegietako ikasle kopurua jaisten ari dela ondorioztatu du plana egin ahal izateko egindako ikerketak. Are gehiago, Auzmendik jakinarazi du gazteenen artean ikasle kopurua jaitsi dela, eta arrazoitu du hori B eta D ereduetan egindako hezkuntzaren ondorioz izan dela.

Jardueren ebaluazio sistemaren garapena eta kalitatea ziurtatzea, teknologia berriak ezartzea eta baliabide multzoa «optimizatzea» dira planak ezarri dituen beste helburu estrategikoak.

Udal euskaltegien sarea

Udal euskaltegietako ordezkarien artean ere eragingo du HABEren plan estrategiko berriak. Ordea, beste zenbait aldarrikapen ere eraman zituzten Eusko Legebiltzarrera zentroetako ordezkariek atzo egindako agerraldian. Esate baterako, udal euskaltegien arteko sarea osotzeko eskatu dute, euskaltegi horien lana azalarazteko. EAEn 49 direla gogorarazi dute —hogei Bizkaian, hemezortzi Gipuzkoan eta bat Araban—, eta guztira 11.000 ikasle inguru dituztela.

Lan egiteko orduan autonomia handiagoa izateko, ikas prozesu osoa hartuko duen ikas materiala sortzeko eta euskaltegi horietan lan egiten duten beharginen estatusa hobetzeko urratsak egitekoere eskatu zuten atzo Eusko Legebiltzarrean zentro horietako ordezkariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.