'Haika-Segi' auziko 22 gazte, 18 espetxetan sakabanatuta

Etxerat-ek salatu duenez, gazte batzuk tratu txarrak pairatu dituzte Espainiako espetxeetarako bidean

edurne begiristain
2007ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Sakabanaketa politikaren ondorioak Euskal Herriko ehunka presok etasenideek pairatzen dituzte egunero. Eta ondorio horien salaketak maiz entzuten dira, lekukotza desberdinen bidez. Oraingoan Haika-Segi auziko gazteek eta haien familiek pairatu dute Espainiako Gobernuaren sakabanaketa politika. Auzi horretan atxilotutako 22 gazte Espainiako 18 espetxeetan sakabanatuta daude egun, Euskal Herritik ehunka kilometrotara. Baina horretaz gainera, gazte horietako batzuk espetxeetarako bidean Guardia Zibilaren esku kolpeak eta mehatxuak pairatu dituzte.

Etxerat elkarteak egin du salaketa, baina baita gazteen senideek ere. Maixabel Gaztañaga Markel Ormazabalen amak, eta Eli Atxurra Gartzen Garaioren amak euren semeek --otsailaren 4an Bilboko Esperanza frontoian atxilotu zituztenetik-- pairatu duten tratuaren berri eman zuten, atzo. Gaixorik dauden sei euskal presoak askatzeko Etxerat-ek Gasteizen deitutako sei ordutako elkarretaratzean hitz egin zuten gazteen senideek.

Maixabel Gaztañagak jakinarazi zuenezgazte gehienek soilik bi egun igaro zituzten Euskal Herriko espetxeetan, eta segituan Espainiako kartzeletara eraman zituzten. Gainera, salatu zuenez, gazte gehienek lau egun eman zituzten hainbat kartzeletatik zehar azken espetxera ailegatu arte.



TRATU TXARRAK. Espetxerako bidean gazteek pairatutako tratua ere salatu zuten atzo, Markel Ormazabal eta Gartzen Garaioren kasuen bitartez. Martutene eta Langraitzeko kartzeletatik Bugosera eraman zituzten bi gazteak, eta handik Madrileko Aranjuez kartzelara. Bidaia osoan guardia zibilek eskuburdinak jarrita eta besoak furgonetako leihoetan goratuta izatera behartu zituztela jakinarazi zuen Gaztañagak. Nekearen ondorioz besoak jaistean jo egiten zituztela, eta etengabeko mehatxuak jasan zituztela salatu zuen. Aranjuezera iritsitakoan senideei deitzeko eskubidea zuten arren, ez zietela dei hori egiten utzi jakinarazi zuen.Lekualdaketak iraun zuen lau egunetan ez zuten beren semeen berririk izan, eta soilik Ocañara eraman zituztenean hitz egin ahal izan zuten eurekin.

Ez dira kasu bakarrak. Etxerat-ek salatu du Igor Chillon otsailaren 8an atera zutela Langraitzetik eta 16ra arte ezin izan zuela deirik egin. Denbora horretan guztian senideek ez zuten haren berririk izan. Garazi Biteri, berriz, bakartu egin dute, eta soilik bi orduz atera ahal da ziegatik. Preso politiko batekin egotea eskatu zutelako zigortu dute gaztea. Ugaitz Elizarani oso estu lotu zizkioten eskuburdinak espetxerako bidean, eta horren ondorioz eskumuturrak belztuta izan ditu...

Gertaera horiek euskal presoek pairatzen dituzten «eskubideen urraketen» adibide batzuk baino ez direla azpimarratu du Etxerat-ek. Hargatik, gaur ordubeteko lanuztea egitera deitu du euskal langileria, «sigla guztien gainetik, benetan eta zintzoki, presoen eskubideen alde egiteko».



Atxikimendu ugari jaso ditu gaurko lanuzteak

12:00etatik 13:00etara lanuztea egiteko deia egin zuen Etxerat-ek, eta deialdi horrekin bat egin dute hainbat taldek. LABek lanuztera deitu ditu langileak, eta mobilizazioak deitu ditu hainbat lantegi eta udaletxe aurretan.

EABk ere bat egin du gaurko lanuztearekin eta biharko Bilbon Autodeterminazioa eta amnistia goiburupean deituta dagoen manifestazioarekin. Udalbiltzako kideek gauza bera egin dute, eta beraiek ere parte hartuko dutela iragarri.

Segi gazte erakundeak ere bat egin du Euskal Preso Politikoen Kolektiboa egiten ari den borrokaldiarekin, eta gauza bera egiteko eskatu diote euskal gazteriari ere, mobilizazioetan parte hartuz.

EHEk ere bat egin du gaurko lanuztearekin, eta biharko manifestazioarekin.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.