Hainbat eragilek gutxieneko demokratikoak adostu dituzte

Ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek, Alternatibak eta ABk bake prozesu baterako oinarriak aurkeztuko dituzte gaur

Erredakzioa
2010eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Ezker abertzaleak, Eusko Alkartasunak, Aralarrek, Alternatibak, Abertzaleen Batasunak eta hainbat eragile sozial eta sindikalek gutxieneko demokratikoei buruzko akordioa adostu dute bake prozesu bat eta normalizazioa errazteko. Gaur aurkeztuko dute Gernikako Lizeo antzokian eginen duten ekitaldian, arratsaldeko 17:00etan. Bake bidea. Aterabide demokratikoen akordioa jarri diote izena.

Testuinguru berrira egokitzen den testua idatzi dute denen artean. Bakearen eta normalizazioaren alde egiten jarraitzeko zortzi oinarri adostu dituzte, zortzi oinarri hainbat arlotakoak. ETAren su-etena sendotzearen beharra nabarmendu dute, baina baita esku zibil eta politikoen errespetuarena ere. Alderdien Legea bertan behera utzi behar dela bat egin dute, besteak beste. Euskal presoen egoera ere aztergai izan dute, eta denek batera ondorioak atera dituzte gai horren inguruan ere. Gauza bera eginen dute biktimen egoerarekin, eta oro har gatazkaren ondorio nagusiekin. Gaur emango dituzte, ordea, zortzi oinarri horiei buruzko zehaztasunak.

Gutxieneko demokratikoaz gain, balizko bake prozesu bateko ildo nagusiak finkatu dituzte. Alderdien arteko elkarrizketa politikoaren garrantzia nabarmendu dute baldintzak eta prozesu osoak jarraitu beharko lituzkeen urratsak aztertuz.

Joan den ekainean Eusko Alkartasunak eta ezker abertzaleakLortu arte indar politiko independentisten arteko akordioaren oinarri estrategikoak adostu zituzten. ETAk ez zuen su-etenik iragarri, baina ezker abertzaleak ordurako ekin zion soilik bide politikoak jorratzearen aldeko apustuari.

Lortu arte adierazpena oinarri harturik beste alderdi abertzale guztiekin bildu dira, Aralarrekin, Abertzaleen Batasunarekin, Alternatibarekin, baita EAJrekin ere; baina azken horrek ez du bat egin bihar aurkeztuko duten akordioarekin. Bilera erronda horretan EAk eta ezker abertzaleak kari horretara prestatutako idatziari ekarpenak eta zuzenketak gehitzen joan dira denen artean adostasunera heldu arte.

Denbora berean ETAk eraso ekintza armatuak uztea duela hilabete batzuk erabaki zuela jakinarazi zuen irailaren 5ean BBC kate ingelesari igorritako komunikatu batean. Hamar egun geroago bide beretik jarraitu zuen Bruselako Adierazpenean ospe handiko nazioarteko hainbat pertsonek egindako adierazpenari erantzunez. Bakearen alde aurrera egiteko egin beharreko urratsak elkarrekin aztertzeko proposamena egin zien erakunde armatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.