Eguraldia

Hainbat hegaldi desbideratu dituzte Bilboko aireportuan, haizeteengatik

Ortzaizen (Nafarroa Beherea) 73 urteko gizonezko bat zauritu da zuhaitz bat bere etxera erorita. Erietxera eraman dute,

Hegazkin bat haize ufaden ondorioz lurrartzeko zailtasunekin, Bilboko aireportuan, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2017ko abenduaren 27a
17:01
Entzun

Bruno ekaitzak haizete indartsua eta euria ekarri du Euskal Herrira. Oharra emana zegoen. Gaur, haize eta elurrarengatik abisu laranjan da Nafarroa, eta abisu horian dira Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia. Azken bi lurralde horietan, gainera, abisu laranjan dira olatu handien arriskuarengatik. Zazpi metro arteko olatuak espero dira.

Oraingoz, haizeak eragin du kalte gehien. Loiun, Bilboko aireportuan, zazpi hegaldi desbideratu edo jatorriko aireportura itzularazi behar izan dituzte. Vueling enpresak Bartzelonatik aireratu duen hegazkinak abiatutako tokira itzulu behar izan du, eta Bilboko aireportuan lurreratzea eragotzi diete Valentziatik eta Alacantetik (Herrialde Katalanak) abiatu diren Air Nostrumen bi hegaldiri, Madrildik irten den Air Nostrumen hegaldiari, Munichetik (Alemania) aireratu den Lufthansako hegazkinari, Madrildik Bilbora zihoan Iberiaren hegazkinari eta Londrestik abiatu den Easyjeten hegaldiari.

Lurreko trafikoan ere arazoak izan dira haizeteen ondorioz. Ufadek zuhaitz bana bota dute errepidera Ispasterren (Bizkaia), BI-2238 errepidean; Markinan (Bizkaia), BI-2405 errepidean, eta Zumarragan (Gipuzkoa), GI-631n.

Haizeak abiadura handia hartu du, bereziki, kostaldean. Matxitxako lurmuturrean (Bizkaia) orduko 164 kilometroko ufadak neurtu dituzte, eta 120tik gorakoak Jaizkibelen (Gipuzkoa). Barnealdean, orduko 90 kilometro inguruko ufadak espero dira orokorrean, nahiz eta mendialdean gogorrago jo dezakeen.

Haizearen eraginez, olatu handiak espero dira, eta kostako herrietan hainbat babes neurri hartu dituzte. Esaterako, Donostian, itxita daude Pasealeku Berria, Haizearen Orraziko pasealekua eta Zurriolako kai muturra.

Bestalde, elur maila 900 metrotara jaistea espero da, eta ekaitz guneetan 600 metrotan ere egin dezakeela iragarri du Euskalmetek.

Erakundeetatik hainbat ohar eman dituzte kalteak murrizteko. Besteak beste, zuhaitzak dauden inguruak saihestea eta etxeen kanpoaldetako loreontzi edo bestelako apaingarriak kentzea.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.