Hainbat pertsona ezagun Logroñon izango dira bihar, Otegi aske uzteko eskatzeko

Besteak beste, politikari, kirolari, musikari eta idazleak joango dira espetxearen aurreko bilkurara

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Arnaldo Askatu, Politika Askatu plataformak deituta, Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidea eta Bateragune auzian zigortutako Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta eta Sonia Jacinto askatzeko eskatzeko, elkarretaratzea egingo dute bihar Logroñoko espetxe atarian. Dagoeneko, hainbat pertsona ezagunek baieztatu dute bertan egongo direla. Besteak beste, Ramon Labaien Donostiako alkate ohiak, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Angeles Iztueta Eusko Jaurlaritzako sailburu ohiak eta Jose Maria Arrate Athleticeko presidente ohiak parte hartuko dute kartzelaren aurrean egingo den bilkuran.

Denera, 35 lagunek eman dute beren atxikimendua, gizarte alor askotarikoak: futbolariak, pilotariak, idazleak, bertsolariak, musikariak, EHUko irakasleak, kazetariak, politikariak,...

Logroñoko espetxean dago egun Otegi. Biharko bilkurarekin, batetik, Otegi eta Bateragune auzian zigortutako bostak askatzeko galdegingo dute, eta, bestetik, preso guztien giza eskubideak errespetatzeko exijituko dute.

Otegiren aldeko plataformak jakinarazi duenez, eguerdiko hamabietan izango da elkarretaratzea, eta bertan, Alfonso Sastre idazlearen gutun bat irakurriko dute bost hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, katalanez eta ingelesez. Norbanakoez gain, hainbat alderdi, sindikatu eta gizarte eragiletako ordezkariek ere parte hartuko dute elkarretaratzean. EA, ezker abertzalea, Aralar, AB, Amaiur, Alternatiba eta Solidaritat Catalana per la Independencia alderdiek, eta LAB, EILAS eta ELA sindikatuek jakinarazi dute Logroñon izango direla.

Ezker abertzaleak Logroñoko elkarretaratzeari atxikimendua eman zion herenegun, uste duelako larria dela Bateragune auziagatik preso daudenak hala edukitzea. Maribi Ugarteburu eta Pernado Barrenaren ustez, ezker abertzalearen eztabaida etetea nahi zuen Espainiak, Otegi eta beste lau lagunak atxilotuta, baina ez dute hori lortu.

836 egun preso

Otegik 836 egun daramatza preso, 2009ko urriaren 13an, ezker abertzaleko beste hainbat kiderekin batera atxilotu zutenetik, hain justu. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonen aginduz egin zen sarekada. ETAren esanetara aritzea eta Batasunaren Mahai Nazional berria osatzea egotzita atxilotu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.