Haizeak nahierara eramanak

Donostian, orduko 140 kilometrotik gorako boladek eragozpen ugari eragin dizkiete herritarrei

Bi zuhaitz erori ziren Donostiako Easo kale amaieran, eta zirkulazioan eragozpen dezente eragin zituen horrek. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
jon olano
Donostia
2019ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Atzokoa ez zen txapela buruan eta aterkia eskuan eramateko eguna Donostian. Ongi estututa ere, lehenak burutik ihes egin zielako bati baino gehiagori; guardasola osorik mantendu nahi zuen edonori, berriz, ez zitzaion burutik pasatu hura zabaltzeko keinua egitea. Nahikoa txikizio eragin zuen haizeak bestela ere. Azkenaldian oroitzen diren ufadarik gogorrenak izan ziren atzo Gipuzkoako hiriburuan —orduko 140 kilometrotik gorakoak—, eta goizean goizetik hasi ziren ondorioak nabaritzen hiriko hainbat auzotan. Irudi gogoangarriak utzi zituen haizeteak: esaterako, leihotik behera jausitako mahai bat zuhaitzetik zintzilik, Loiolako Erriberan. Terrazan gosaltzekogiro makurra, beraz.

Mahaiak bakarrik ez; eguberriko argiak, teilapeak... Ezohiko elementuak ikus ziteekeen burua altxatuz gero; hala ibiltzea komeni, gainera eror zitekeena saihesteko. Edozein moduz, herritar askok lanak zituzten tente ibiltzeko; haizeak gogorren jotzen zuen bidegurutzeetan, Santa Katalina zubiaren eta Ramon Maria Lili kalearen artean kasurako, elkar helduz egiten zuten aurrera ezezagunek. Bitartean, grabitatearen patuari ihes egin ezinda, lurrean zeutzan hainbat edukiontzik eta dozenaka motorrek.

Izan ere, garraioan eragin nabarmena izan zuen denboraleak; ez zen motorzaleentzako egunikaproposena, eta ufadek zuhaitzak bota zituzten, besteak beste, Aieten, Intxaurrondon eta erdialdean. Easo kaleko zirkulazioa eten zen, eta garraio publiko zein pribatu guztia Bizkaia pasealekuan pilatzera behartu zuen horrek; atzerapenak ohikoak izan ziren. Alderdi Ederren jarri duten eta atzo itxita zegoen noriari ere kendu zizkioten kabina batzuk, zer gerta ere.

Garraio publikoaren maiztasunak aldatuta, B plan bat bilatu behar izan zuten lanera joan beharrean zeuden herritar ugarik. Santaren kasua da; Erregina Erregeordea kaleko atari bateko garbitzailea da, eta haize boladek dezente zaildu zioten atzoko jarduna; garraioa bera lehenbizi, eta lanekoa ondoren: «Bizikletan etortzea izan da okerrena. Oso zaila izan da zuzen mantentzea».

«Espektakuluari» begira

Aldiz, denboraleak irudi ikusgarriak uzten dituela baliatuta, jende askoren plana izan ohi da argazki kamera hartu, kalera atera eta naturaren indarrari begira geratzea. Urgull mendia da kostaldeari erreparatzeko talaia ezin hobea, baina, atzo, mendirako sarbide guztiak itxiak zituen Udaltzaingoak. «Inor gutxi etorri da Pasealeku Berrira sartu nahian. Ez da giro», azaldu zion BERRIAri hesietako bat zaintzen ari zen udaltzainak. «Lankideak baino goxoago» zegoen auto barruan, udaltzainek eta suhiltzaileek erruz egin baitzuten lan hiri osoan zehar: 200dik gora irtenaldi izan zituzten.

Horrela, Salamanca pasealekuan batu ziren hainbat lagun. «Espektakulua ikustera» joan zen gizonezko erretiratu bat, baina dezepzio apur bat nabari zitzaion: «Itsasoa zakar dago, baina ez olatu ikusgarririk». Itsasbehera zen; beste jite bat hartu zuten urek arratsean. Egun-pasa joanda, «giro atsegina» topatu zuen bikote iruindar batek: «Ateri dago eta ikusgarria da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.