2015eko Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuei babesa emateko prezioa jarri du EH Bilduk. Ez da txikia, egin dituen eskaerek 566 milioi eurorenak baitira, aurrekontu osoaren %5 gutxi gora behera. «Lehentasun kontua da», aldarrikatu du koalizioak, «dirua egon badagoelako; jakin behar dena da Jaurlaritza oinarrizko zerbitzuak murrizteko politikan atzera egiteko prest ote dagoen».
EH Bilduk egin nahi dituen aldaketen artean hiruk eramango lukete diru gehien. Batetik, 200 milioi euroko enplegu funts bat sortu nahi du enpresen deslokalizazioak eragotzi eta tokiko garapena, gazteen enplegua eta ikerketa sustatzeko. Bigarrenik, 150 milioi euro bideratu nahi ditu langile publikoek azken urteotan galdutako erosteko ahalmena berreskuratzera. Hirugarrenik, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentan (DBE) izan diren murrizketak konpentsatzeko 70 milioi jarri nahi ditu.
Diru gehiago jarri nahi du euskara normalizatzeko (26 milioi), gizarte larrialdiko laguntzetarako (11 milioi), Osakidetzarako (7 milioi), EHUrako (5,5 milioi), haurreskoletako tasak murrizteko (lau milioi), eta hamarna milioi garapenerako, hezkuntzarako, pentsioetarako eta berdintasunerako.
Legebiltzarkide independentistak ez dute zehazki azaldu nondik atera nahi duten dirua gastu horiek guztiak egiteko, baina hiru aukera mahai gainean jarri ditu Unai Urruzunok: defizit handiagoa egitea —%0,7koa dute kontuek, Espainiako Gobernuak erkidegoei baimendutakoa—, zerga sistema aldatu diru sarrera handiagoak izateko, eta AHTrako jarriko diren 350 milioi euroak gutxitzea. Ukitu daitezkeen beste sail artean bat aipatu dute, Ertzaintzak kartutxoak eta kaskoak erosteko izango dituen 600.000 euro.