Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak hamabi urteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati, arrebaordea bi aldiz bortxatzeagatik. 2020ko martxoa eta apirila bitarte izan ziren erasoak, Iruñeko etxebizitza batean: biktimak 17 urte eta erasotzaileak 20 zituenean izan zen lehenbiziko erasoa.
Epaiketa joan den apirilaren 9an izan zen: fiskaltzak, guztira, hamabi urte eta egun bateko kartzela zigorra eskatu zuen; akusazio partikularrak, hamalau urte eta sei hilabetekoa; eta defentsak, absoluzioa. Azkenean, epaitegiak hamabi urteko kartzela zigorra ezarri dio gizonari, hiru larrigarrirengatik: gizonak indarkeria erabili izana, erasoak izan zirenean biktimak zuen adina, eta akusatua biktimaren atsekabeaz baliatu zela.
Horrez gain, erasotzailea ezin izanen da biktimarengana hurbildu edo harekin mintzatu hamabortz urtez, eta, zigorra beteta, bertze hamabortz urtez zaintzapean aske egon beharko du. Horrez gain, 25.000 euro ordaindu beharko dizkio biktimari, kalte moralengatik.
Atxilotu bat
Horrez gain, Espainiako Poliziak gizon bat atxilotu du Iruñean, emakume bati sexu erasoa egitea leporatuta. Poliziak erran duenez, gizona biktimaren etxera sartu zen, router bat instalatu behar zuela erranez; etxebizitzaren barnean zela, emaztekiari ukituak egin zizkion, eta etxetik barrena jarraitu zion, biktimak gela batean sartzea lortu zuen arte. Emakumeak lagun bati deitu zion, eta hark barride bati eta eraikineko atezainari; biak emakumearen etxera joan ziren.
Emakumeak erasoa salatu zuen, eta Poliziak gizona identifikatu eta atxilotu zuen.