Zuberoa, Nafarroa Behere eta Lapurdiko hamabost herritan antolatuko ditu Batera plataformak Euskal Lurralde Elkargoari buruzko herritar foroak, asteburu honetan. Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalaren «aldarrikapena plazaratzea eta eztabaida aberastea» dute antolatzaileek xede. Horrez gain, gaia «sakontzeko» asmoa ere badute, argi dutelako ez duela Batera-k bakarrik gogoetatu eta eraiki behar euskal lurralde elkargoaren proposamena. Ahal bezainbat herritarrekin nahi dute landu, ikertu eta gauzatu. Hori dela eta, eskakizunari buruzko informazioak azalduko dituzte foroen bidez, eta, tokika, gai berezi batzuk jorratuko dituzte (garraioa, lurralde antolaketa, euskara...)
Atzo Baionan antolatu prentsaurrekoan eman zuten Nikolas Blain eta Martine Bisauta plataformako kideek ekimenaren berri, hainbat hautetsiz inguraturik zirela. Lurralde berrantolaketaren erreforma bete-betean garela, eztabaida horretan «herritarren parte hartzea eskas» dela salatu zuen Bisautak. Hori dela-eta, eztabaida ahal bezainbat zabaltzeko gogoa dutela berretsi zuen.
Izan erreforma edota datorren urtean izanen diren Frantziako presidentetzarako hauteskundeei begiratuz, aldarrikapena entzunarazteko eta aitzina eramanarazteko «behar gorria» badela azpimarratu zuen halaber. Hautagaien interpelazio lanari lotzeko erabakia hartu zuten uztaileko biltzar nagusian. Ikusirik Euskal Lurralde Elkargoaren aldarriarendako Frantziako Estatuak «mespretxua» eta «erantzunik eza» duela, «doinua azkartzeko» beharra azpimarratu zuten orduan.
Ideiak kontseiluei helaraziz
Foro horietarik aterako diren ideiak Garapen eta Hautetsien kontseiluei helarazteko asmoa dutela zehaztu zuten atzoko prentsaurrekoan. Lurralde berrantolaketaren erreformak dakarren Pays egituraren desagerpenarekin batera, bi kontseiluen geroa da zalantzan ezarria. Hori dela eta, haien bilakaerari buruzko gogoeta fase bat dute abiaturik. Bi elkarte horien gogoeta aberastu nahian, asteburuan bilduko diren proposamenak helaraziko dizkiete, «ez delako adituen eztabaida bat izan behar, baina bai herritarrena».
Herritar foroak zehazki non eta noiz izanen diren www.batera. info Internet gunean begiratuz jakin daiteke.
Hamabost herritan antolatuko ditu Batera-k herritar foroak
Euskal Lurralde Elkargoaren «aldarria plazaratzea eta eztabaida aberastea» nahi du plataformak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu