Udal eta foru hauteskundeak

Hamaikabatek EAJrentzat eskatuko du botoa

Alderdiaren ohiko batzarra egin dute gaur, Donostian. Alderdikideen %75 inguruk babestu dute EAJren alde botoa emateko erabakia. Duela lau urte Gipuzkoan bederatzi mila botoren bueltan ibili zen H1.

Hamaikabaten ohiko batzarra, gaur, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ, ARGAZKI PRESS
enekoitz esnaola
2015eko martxoaren 28a
22:47
Entzun

Hamaikabat alderdia (H1) ez da aurkeztuko maiatzeko udal eta foru hauteskundeetara. Hala erabaki dute gaur Donostian egin duten ohiko batzarrean. Bi aukera zituzten eztabaidagai: ez aurkeztea eta inoren alde botorik ez eskatzea, edota ez aurkeztu baina EAJren alde botoa eskatzea. Azken aukera honen alde egin dute batzarkideen %75ek. 

H1-eko udal ordezkari izandako batzuek dagoeneko hartu zuten erabakia EAJren udal zerrendetan joateko: Jose Mari Burgosek Errenterian –bederatzigarren– eta Jaione Arratibelek Donostian –azkeneko postuetan–. Eibarren H1-eko 2011ko alkategai Mertxe Garate ere EAJren taldean aurkeztuko da –hirugarren–. Pasaian edota Lasarte-Orian ere bidean dira beste batzuk. 2012an, berriz, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Hamaikabateko kide esanguratsu askok Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiaren aldeko botoa eskatu zuten.

2009an Iñaki Galdosen-eta ildokoak EAtik atera, eta hauteskundeetara lehen aldiz 2011ko maiatzean aurkeztu zen Hamaikabat: udal eta forukoetan, Gipuzkoan baino ez —Araban, EAJren zerrendetan sartu ziren haren kideak—. Emaitza "txarrak" lortu zituen, aitortu zuten bezala: foru bozetan 8.662 boto (%2,58; zazpigarren indarra) eta batzarkiderik ez, eta udalekoetan, 9.270 boto (%2,75, seigarren) eta hamabi zinegotzi (Astigarraga, Hernani eta Usurbilen bina, eta Azpeiti, Beasain, Hondarribi, Legazpi, Oiartzun eta Urretxun bana).

2007an EAk, bakarrik aurkeztu zenean, Gipuzkoan 91 udal hautetsi (30.526 boto, %10,19) eta zazpi batzarkide (34.149 boto, %13,28) eskuratu zituen, bosgarren indarra izanik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.