Guztira 17 autok eta hiru kamioik elkar jo zuten A-63 autobidean gertatutako bi istriputan, bata bestearen ondoan eta denbora gutxian. Istripu larria eta ikusgarria gertatu zen atzo, goizeko zortzi eta erdiak aldera, A-63 autobidean, Arrangoitze parean. Istripua Donibane Lohizunetik Miarritzerako norabidean gertatu zen. Eguraldi txarraren ondorioz, hamaika autok eta hiru kamioik jo zuten elkar. Zazpi pertsona zauritu ziren, horietako bat larri.
Autopistako jendarmeriak istripuaren arrazoiak zehazteko ikerketa abiatu du. «Oraindik ezin dugu baieztatu, baina istripua ukan duten auto gidarienarabera, kazkabarrak eragin du istripua», Romualde De la Cruz jendarmeriako tenientearen esanetan. «Lekukoek diotenez kamioi batek eragin du istripua. Ez dakigu zehazki ibilgailuaren kontrola galdu duen edo gibelean zeraman zamaren parte bat errepidera erori zaion». Goizean zehar egindako lehen ikerketek istripua kamioiak eragin zuela baieztatu zuten.Goizean, 08:30 aldera, kazkabar erauntsi bortitza izan zen Baiona inguruan. Jendarmeriaren arabera gidariak kamioiaren kontrola galdu zuen eta autobideko hesiak jo zituen. Gibelean zihoazen ibilgailuek ezin izan zuten saihestu aitzineko autoak edo bide erdiko hesiak jotzea. «Une batean ekaitza sobera bortitza izan da eta gidariek ez zuten deus ikusten ahal. Errepidea biziki labainkorra zegoen eta ibilgailuek autoa gelditzeko balaztak zapaltzean, autopistaren alde batetik bertzera lerratzea baizik ez dute lortu, ondoko ibilgailuaren kontra geldituz», azaldu zuen De la Cruzek.Jendarmeriak berehala itxi zuen Baionako hegoaldeko autobideko sarrera, Landetako norabidean. Lapurdiko hegoaldetik zihoazen autoak RN-10 errepidera bideratu zituzten. Istripuaren berri ukan bezain laster, Landetatik Lapurdira zihoazen autoek ere RN-10 errepidea hartu zuten Baiona-Miarritze arteko auto ilarak saihesteko. Ibilgailu ilarak Miarritze-Baiona autopista zatian gertatu ziren, istripuak harrapatutako autoek ezin zutelako ez gibelera ez aitzinera egin. Auto gehien pilatu ziren unean zazpi kilometro inguruko lerroak izan ziren, oporraldietako zubietan baino lau aldiz txikiagoak. Iparretik hegorako bidean, aldiz, ilarak hiru eta sei kilometrokoak izan ziren.Suhiltzaileak eta osasun zerbitzuak berehala abiatu ziren istripua gertatu zen tokira. Istripuan zenbat autok parte hartu zuten aintzat hartuta, zaurituak anitzez gehiago izan zitezkeela ustezutela azaldu zuen De la Cruzek. Baionako erietxeko anbulantzia ugari bildu ziren bertara.Autoetatik atera ondoren, osasun zerbitzuek errepidean artatu zituzten zaurituak. Anbulantziek Baionako erietxera eraman zituzten zazpi zauritu: bat ebakuntza egiteko eta gainerako seiak osasun egoeraren azterketa sakonagoak egiteko. «Zauritu baten egoera biziki larria zen eta Baionako erietxera heldu bezain laster ebakuntza egin behar zioten», zioen De la Cruzek.
Bigarren istripua, bestearen ondoan
Bigarren auto istripu bat ere izan zen inguruan, lehen istripua gertatu eta gutxira, handik gertu. Jendarmeriak istripu bat gertatu zela adierazteko seinaleak jarri zituen bidean. Baina, Jendarmeriaren arabera, auto batek abiadura apaldu zuen argiak ikustean eta gibelean zihoazen autoek ezin izan zuten gelditu, eta elkarren kontra jo zuten. Bigarren istripuan ez zen zauriturik izan, baina sei autok kalte material handiak izan zituzten.
Hildakoa Errioxan, auto ilarak Usurbilen
35 urteko J.R.A.A Tuterako bizilaguna Errioxako Rincon de Soto herrian gertatutako auto istripuan hil zen atzo arratsaldean. Hildakoa, sortzez, Granadakoa zen. Hark gidatzen zuen autoak kamioi bat jo zuen. Bestalde, Usurbilen kamioi bat irauli egin zen A-8 autobidean. Gidaria arin zauritu zen, eta auto ilara luzeak sortu ziren.
ERREPIDE ISTRIPUA
Hamalau ibilgailuk elkar jo dute, eta pertsona bat larri zauritu da A-63an
Lehen istripuaren ondorioz beste bat izan zen inguruan, eta bigarrenean, sei autok jo zuten elkar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu