Nafarroako Auzitegi Nagusiak berretsi egin du 53 urteko gizon bati alabaordea bortxatzeagatik ezarritako hamalau urteko kartzela zigorra. Alabaordeak 10 urte zituela hasi zen gizona hari modu jarraituan ukituak eta sexu erasoak egiten; 18 eta 19 urte artean, berriz, hainbat aldiz bortxatu zuen. Nafarroako Probintzia Auzitegiak ezarri zion zigorra gizonari, otsailean.
Gizona alabaordearen amarekin ezkonduta zegoen, eta haiekin bizi zen neskak 10 urte zituenetik, aurrena Iruñean eta gero Burlatan. Probintzia Auzitegiaren epaiaren arabera, gizonak, ama ez zegoenetan, ukituak eta sexu erasoak egiten zizkion alabaordeari, harik eta neskak 18 urte bete zituen arte. 18 urte bete eta gero, bortxatzen hasi zen. Alabaordeak ostikadak ematen zizkion gizonari eta oihu egiten zuen, baina zigortuak indarra baliatzen zuen neska bortxatzeko. Berdin jarraitu zuen alabaordeak salaketa aurkeztu zuen arte: 2023ko irailean izan zen hori.
Epaian, ondorioen berri jaso zuten: neskak trauma osteko estresa du, amesgaiztoak izaten ditu eta baita oroitzapen estugarriak ere. Bere burua zauritzeko joera du. Tratamendu psikologikoa jasotzen ari da, Delituen Biktimen Arretarako Nafarroako Bulegoaren bitartez.
Lekukotza sendoa
Zigortuak helegitea aurkeztu zuen, argudiatuta frogak ez zirela behar bezala baloratu eta errugabetasun printzipioa urratu zela. Nafarroako Auzitegi Nagusiak atzera bota ditu zigortuaren argudioak. Auzitegiaren esanetan, neskaren lekukotza «egiantzekoa» da: «Haren lekukotzaren bideoa ikusita, bat gatoz epaiarekin, lekukotza sinesgarria, egiantzekoa, fidagarria eta koherentea da eta. Hala erakusten dute hitz egiteko moduak, aipatu zituen erreferentziek, eta aintzat hartzekoak dira hitz egiteko eta gertakariak kontatzeko modua: zintzo, seguru eta sendo aritu zen». Psikologoek berretsi egin zuten akusazioek esandakoa.
Zigortuaren defentsak argudiatu zuen neskak modu orokorrean kontatu zuela zer gertatua zen. Nafarroako Auzitegi Nagusiak erantzun dio aintzat hartu behar dela neskak zer adin zuen abusuak eta erasoak hasi zirenean. «Ahaztu gabe erasoak behin baino gehiagotan gertatu zirela eta kontuan hartuta zenbat eraso jasan zituen eta zenbat denbora pasatu den ordutik».
Epaiketa Donostian
Gipuzkoan, berriz, fiskaltzak lau urteko kartzela zigorra eskatu du gizon batentzat, eta akusazio partikularrak hamabost urtekoa, alabari sexu erasoak egiteagatik 7 eta 8 urte zituenean. Gaur epaitu dute gizona Gipuzkoako Auzitegiko Hirugarren Atalean. Senar-emazteak bananduta zeuden, eta, akusazioen arabera, aitak alabari sexu erasoak egiten zizkion alabak berarekin pasatzen zituen asteburuetan —bi asteburutik behin—. Defentsak errugabe izendatzeko eskatu du.
Neskak azaldu du ez ziola inori kontatu 2022ra arte, oso txikia zelako eta ez zuelako ulertzen aitak zer egiten zion. Urte batzuk geroago, bideo batean ikusi zuen neska bat antzeko egoera bat azaltzen, eta orduan lehengusu bati kontatu zion. Amak jakin zuenean, salaketa aurkeztu zuen.
Fiskaltzak, azken txostenean, azaldu du neskaren lekukotza nahikoa dela epaitutako gertakariak baieztatzeko, eta, gainera, bestelako elementu batzuek berretsi dutela. Aitak esan du guztia gezurra dela, eta haren abokatuak auzitan jarri du salaketa aurkezteko hainbeste denbora behar izatea.
Udalaren gaitzespena
Donostiako Udalak gaitzetsi egin du neska adingabe batek atzo salatutako talde bortxaketa. Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapean dago neska. Ertzaintzak bi gizon atxilotu zituen, talde bortxaketan parte hartu izana egotzita, eta beste bi gizon ikertzen ere ari da. Udalak elkartasuna adierazi die neskari eta haren ingurukoei. Haien esku jarri ditu udalaren baliabideak.