Euskal presoak

'Hamalauen' eskubideen aldeko orduak

Hamalau orduko elkarretaratzea egin du Herrira mugimenduak Donostiako Ospitalean, gaixorik larri dauden presoak aske uzteko eskatzeko. Bertan dago Uribetxeberria joan den astetik.

Donostiako Ospitalean atzo egindako elkarretaratzea. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena
Donostia
2012ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Hamalau orduko elkarretaratzea egin dute Herrira mugimenduko kideek Donostiako Ospitaleko atarian, gaixotasun larriak dituzten hamalau presoak aske utz ditzaten eskatzeko. Erietxe horretan dago Josu Uribetxeberria arrasatearra, azken fasean sartua duen minbiziarekin. Presoa berehala aske uzteko exijitu du Jon Garai Herrira-ko kideak. Giza eskubideak errespetatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, eta «urrats positiboak» egin ditzala. Goizero elkarretaratzeak egingo ditu Herrira-k erietxean bertan, eta Donostian larunbaterako manifestazioa iragarri dute.

Goizeko hamarrak alderako hasi ziren biltzen atzo Arrasatetik zein Euskal Herriko hainbat txokotatik Donostiako Ospitalera joandako herritarrak. Uribetxeberriaren agurra ere jaso zuten presoari babesa ematera joandakoek, barrotez inguratutako leiho baten atzetik. Erietxeko sarreran, hamalau aulki huts ikus zitezkeen, gaixorik larri dauden presoak irudikatuz. Aulkietan, hamalau preso horien egoeraren berri ematen zuten kartelak jarri zituzten: zein gaixotasun duten, zenbat urte daramaten preso... Ondoan, haima bat ere ipini zuten. Laster ekin zioten eguneko lehen elkarretaratzeari; batzuek, aulkien atzean, eta besteek, larri gaixorik dauden presoak aske uzteko eskatzen zuen pankarta eskuan. Denborak aurrera egin ahala, jende gehiago hurbildu zen pixkanaka. Joan-etorrian zebiltzanei eskuorriak banatzen ere aritu ziren zenbait lagun, Uribetxeberriaren egoeraren berri emanez. Elkarretaratzearen arrazoiaz galdezka, bere kabuz hurbildu zenik ere izan zen.

Lehen elkarretaratzea amaitu eta gutxira, Ertzaintza ere azaldu zen erietxeko atarira. Hamalau presoen egoeraren berri ematen zuten kartelak aulkietatik kendu, eta eraman egin zituzten, presoen argazkiak zituztela argudiatuta. Aulkiek ez zuten aldarrikapenaren zentzurik galdu, ordea, Herrira-ko kideek ez baizuten denbora askorik behar izan hamalau presoen izenak bertan itsasteko. Herritarrek ere, oztopoak oztopo, ekintzarekin jarraitu zuten. Batzarra egin zuten haimaren inguruan, aurreikusia zuten bezala. Uribetxeberriaren egoerari buruz hitz egiteaz gain, hurrengo ordu eta egunetan egin asmo dutenaz ere aritu ziren, hurbildu zirenen ekarpenak jasoz.

Arratsaldean ere izan zen ideiak eta iritziak trukatzeko aukera. Izan ere, bilera irekia egin zuten borobil batean jarrita, Gipuzkoako apaiz bat ere tartean zela. Elizaren mundutik ere Uribetxeberriaren eta larri dauden presoen eskubideen alde egiteko konpromisoa agertu zuen apaizak. Segidan, eguneko azken elkarretaratzea egin zuten. Azkenik, uztailaren 13an Zaballako espetxe aurrean egin bezala, kandelak piztuta amaitu zuten eguna Donostiako Ospitalean.

Etenik gabeko mobilizazioa

Uribetxeberria «heriotza umiliagarri batera zigortzen» ari direla gogorarazten zuten Herrira-ko lagunek jendeari banatutako eskuorrietan. Argi zioten: «Kalean behar lukete, eskubide osoz».Gauzak hala, Uribetxeberriaren egoeraren inguruko salaketa etengabea izan da azken egunetan. Pasa den larunbatean, milaka lagunek hartu zuten parte Arrasateko manifestazioan. Etxerat elkartea, «erantzun eta salaketa bateratua» bilatzen ari da, alderdi politikoen bidez. Herrira mugimenduak, berriz, egunero Donostiako Ospitalearen aurrean elkartzeko deia egina du. Goizeko 11:00etan elkartuko dira erietxeko atarian: gaur, sindikatuetako kideekin; bihar, alderdi politikoetako ordezkari eta erakundeetako kargudunekin; eta etzi, eragile sozialetako kideekin. Larunbaterako, aldiz, Donostian manifestazioa egingo dutela iragarri dute. Gaur argituko dira deialdiaren xehetasunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.