Hamar eta hogei urteko kartzela zigorrak ezarri dizkiete Zornotzako jipoiaren egileei

Bizkaiko Auzitegiarentzat frogatuta geratu da zazpi akusatuetako seik Alexandru Ionita jipoitu zutela. Ionita egoera begetatiboan dago ordutik.

Jipoia Zornotzan - Epaiketa
Urtarrilean egin zuten zazpi akusatuen kontrako epaiketa, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
jakes goikoetxea
2024ko otsailaren 13a
14:00
Entzun

Bizkaiko Auzitegiko Lehen Atalak hamar eta hogei urte arteko urteko kartzela zigorrak ezarri dizkie 2021ean Zornotzan (Bizkaia) Alexandru Ionita gaztea jipoitu eta egoera begetatiboan utzi zuten zazpi laguni: hogei urteko kartzela zigorra ezarri die lauri, talde kriminal bateko kide izatea eta erailketa saiakera bat egitea leporatuta; hamalau urteko kartzela zigorra, berriz, beste bati, delitu berberengatik, baina anomalia psikikoaren aringarria aplikatu dio; hamar urteko kartzela zigorra bete beharko du beste batek, talde kriminaleko kide izateagatik eta erailketa saiakeraren konplize izateagatik; eta zazpigarren auzipetuak hamabi hilabeteko isuna jaso du —hamar euro egun bakoitzeko—, laguntzeko betebeharra ez betetzeagatik. «Eraso guztia ikusi zuen, baina ez zuen ezer egin, ez hura eragozteko, ez laguntza eskatzeko».

Auzitegiaren esanetan, frogatuta geratu da zazpi laguneko taldeak Ionita «lintxatu» egin zuela eta «azpikeriaz» jokatu zuela, eta Ionitak, zeina egoera begetatibo iraunkorrean geratu baita, ez zuela izan ez bere burua defendatzeko aukerarik, ezta ihesbiderik ere. 

Sei akusatuek 2021eko uztailaren 25eko goizaldean jipoitu zuten Ionita Zornotzan. Sententziaren arabera, akusatuek, «ados jarrita» eta «norbait hiltzeko asmoz edo aukera hori zegoela», gaztea inguratu zuten eta jipoitu egin zuten «modu koordinatuan». Hainbat objekturekin jo zuten, eta ostikadak eta ukabilkadak eman zizkioten. Gaztea lurrean etzanda geratu zen, «buruan odoljario handi bat zuela».

Talde bateko kideak

Auzitegiaren esanetan, epaiketan agerian geratu da —urtarrilean egin dute— zazpi akusatuak talde bateko kide direla: Koala Anaiak. «Zenbait delitu egiteko elkartzen ziren: erasoak eta lapurretak egiteko gutxiagotasun egoeran zeudenei». Gau horretan bertan antzeko zenbait ekintza ere egin zituztela gehitu du.

Epaiketan funtsezko froga izan da taldeko kide batek bere sare sozialetan jarri zuen bideo bat. Bizkaiko Auzitegiaren iritziz, bideo horretan «benetako lintxamendu bat» ikusten da. «Hiltzeko asmoa» izan zuten eta «parte hartzaile guztiek onartu zuten euren ekintzekin heriotza eragin zezaketela», Ionitari eman zizkioten kolpeen indarragatik eta kopuruagatik. «Larrialdi zerbitzuen berehalako esku hartzeak eragotzi zuen hura hiltzea». 

Kartzela zigorrez harago, Bizkaiko Auzitegiko Lehen Atalak kalte ordainak ordaintzera zigortu ditu sei zigortuak: 1.071.509 euro Ionitari, eta 20.000 euro gurasoei. Kartzela zigorra bete eta gero ezingo dira Ionitarekin harremanetan jarri hamar urtean eta harengana hurbildu 500 metro baino gutxiagora.

Gaurkoa ez da Zornotzako jipoiagatik ezarritako lehen zigorra: Bizkaiko Auzitegiak ekainean berretsi egin zuen hiru eta bost urte arteko kartzela zigorra jarriko ziela jipoian parte hartu zuten sei adingaberi. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.