Zornotzan gazte bat hiltzen saiatzea egozten dieten zazpi lagunek beste zigortuei egotzi diete errua

Biktima jipoitu, eta egoera begetatiboan utzi zuten 2021ean. Fiskaltzak hamalau urte eta zortzi hilabeteko kartzela zigorra eskatu du akusatuentzat.

ERASOEN AURKAKO MOBILIZAZIOA
Erasoen aurkako mobilizazioa, Zornotzan (Bizkaia), 2021eko uztailean. BERRIA
Paulo Ostolaza.
2024ko urtarrilaren 15a
13:00
Entzun

Alexandru Ionita 25 urteko gaztea hiltzen saiatzea egotzita, Bizkaiko Auzitegiko akusatuen aulkian zazpi lagun eseriko dira gaurtik aurrera. Erasoa 2021eko udan gertatu zen, Zornotzan (Bizkaia), eta fiskaltzak hamalau urte eta zortzi hilabeteko kartzela zigorra eskatu du erasotzaile bakoitzarentzat. Gutxienez urtarrilaren 25era arte iraungo du epaiketak.

Gaurko saioan, Ionitaren amak erasotzaileei galdetu die ea zergatik jipoitu zuten haren semea. Azaldu dute semea ez dagoela ongi, eta sendagileek ez dietela hobetzeko esperantzarik ematen.

Akusatutako zazpi lagunek ere deklaratu dute; esan dute ez dutela ia gogoratu ere egiten zer gertatu zen, mozkortuta zeudelako, eta jada epaitu eta zigortu zituzten adingabeei bota diete errua. Inork ez du beste azalpenik eman.

Kasu horri buruz egingo den bigarren epaiketa da, izan ere. Aurrez, erasoan parte hartu zuten zortzi adingaberi hiru eta sei urte arteko zigorrak ezarri zizkieten, eta adingabeen zentro itxi batean ari dira hura betetzen. Orduan emandako epaiaren arabera, erasoan «gaztea hiltzeko gogoa» egon zen. Akusatuetako hainbat Koala Anaiak izeneko banda bateko kideak ziren.

Gaur akusatuen aulkian eseri diren zazpi horietatik sei espetxean dauden behin-behinean, eta zazpigarrena, baldintzapean aske. Epaiketak bederatzi saio izango ditu printzipioz, eta denera 23 lekukok eta hirurogei ertzainek baino gehiagok deklaratuko dute, baita perituek eta auzitegi medikuek ere.

«Hil ezazue»

2021eko uztailaren 25ean gertatu zen erasoa. Gau hartan, istiluak izan ziren Zornotzako zenbait tokitan, eta Ionitaren jipoia Jauregibarria inguruan gertatu zen. Erasotzaileek, 15 eta 38 urte arteko gizonak guztiak, objektu sendoak erabili zituzten, hala nola makilak eta botilak, gaztea konorterik gabe lurrean botata uzteraino. Gaztea hala zegoela ere, taldekoek kolpatzen jarraitu zuten.

Ondorioz, Gurutzetako ospitalera eraman zuten biktima, eta zaintza intentsiboetako unitatean igaro zuen ia hilabete. Ez zela bizirik irtengo ere jakinarazi zuen haren familiak. Orain, %91ko menpekotasuna du aitortua, errehabilitazio saioetara joaten da astero, eta mugikortasun apur bat berreskuratu du; hitz batzuk ere esaten ditu. Erasotzaileek grabatu egin zuten jipoia, baita bideoa sare sozialetan zabaldu ere. Horri esker identifikatu zituzten. Fiskaltzaren arabera, grabazioetan «Hil ezazue! Hil ezazue!» oihuak entzuten dira.

Pertsona berberek beste eraso eta lapurreta batzuetan parte hartu zuten gau berean; gutxienez, beste lau gazteri egin zieten eraso, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez. Denera hamabost lagun atxilotu zituzten jipoiarekin lotuta, zortzi adingabe eta zazpi adin nagusiko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.