Pedro Sanchez Espainiako presidenteak babesa eskatu dio, gaur, Espainiako Kongresuari, espetxe politika aldatu eta euskal presoak Euskal Herritik hurbilen dauden kartzeletara tokiz aldatzeko. Sanchezek kazetari talde bati azaldu dionez, Espainiako Gobernua gaixo dauden presoak eta 70 urtetik gorakoak hurbiltzen hasiko da.
Jaiki Hadi mediku elkarteak azken txostenean jaso duenez, 67 euskal preso dira Espainiako kartzeletan gaixo daudenak. Horietatik hamarrek egin dute publiko gaixotasun larriak dituztela, baina badira beste zortzi, anonimotasuna gorde nahi izan dutenak. Elkarteak ez du txostenean zehaztu azken horietatik zenbat dauden Espainiako espetxeetan.
Larriki gaixo daudela jakinarazi dute Espainiako kartzeletan dauden ondorengo presoek: Josetxo Arizkuren (Iruñea, 1958), Mikel Arrieta (Errenteria, Gipuzkoa, 1960), Garikoitz Arruarte (Hernani, Gipuzkoa, 1980), Jose Manuel Azkarate (Tolosa, Gipuzkoa, 1963), Joseba Borde (Ugao, Bizkaia, 1959), Jagoba Codo (Donostia, 1964), Iñaki Etxeberria (Iruñea, 1964), Gorka Fraile (Durango, Bizkaia, 1970), Jose Ramon Lopez de Abetxuko (Gasteiz, 1949) eta Mikel Otegi (Itsasondo, Gipuzkoa, 1972).
Bestalde, 70 urtetik gora dituzte Sebastian Etxanizek (Soraluze, Gipuzkoa, 1943), Joseba Arregik (Oñati, Gipuzkoa, 1946) eta Santiago Arrozpidek (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1948). Beste 21 euskal preso dira 60 urte baino gehiago dituztenak eta Espainiako espetxeetan jarraitzen dutenak, Etxeraten txostenaren arabera.