Azken egunetan eta, indarkeria matxista egotzita, hamar pertsona atxilotu ditu Nafarroan Foruzaingoak; haietako bat, adingabea. Murchanten, Antsoainen, Altsasun, Caparroson, Iruñean eta Valtierran egin dituzte atxiloketak.
Murchanten 15 urteko gazte bat atxilotu dute, amari mehatxu eta eraso egitea leporatuta. Gizarte zerbitzuen esku geratu da adingabea. Herri berean atzeman dituzte 32 eta 39 urteko beste bi gizonezko ere, urruntze aginduak urratzeagatik biak. Gauza bera leporatuta atzeman dute Altsasun 18 urteko gazte bat ere.
Antsoainen eta Caparroson, berriz, 35 urteko bi gizonezko atzeman dituzte, bikotekideak jotzeagatik. Iruñean, berriz, 34 urteko gizonezko bat atzeman dute, urruntze agindua zuen beste pertsona baten nortasuna hartu eta haren bikotekide ohiari jazartzeagatik. Hiriburuan, halaber, 39 urteko beste gizon bat atxilotu dute urruntze agindua urratzea egotzita.
Azkenik, Valtierran, 32 urteko gizonezko bat eta 54 urteko beste bat atzeman dituzte, urruntze agindua urratzeagatik bata, eta bikotekidea jotzeagatik bestea.