Hamar urtean lehenbizikoz, jaitsi egin da jaiotza kopurua Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

Gero eta gehiago dira ezkondu gabeko bikoteek dituzten haurrak; 2009an 6.531, hain zuen

Haur jaioberri bat sehaskan. BERRIA.
Erredakzioa
2011ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
20.928 haur jaio ziren 2009an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak emandako datuen arabera. Hala, 2008ko datuekin alderatuz, %1,8 egin zuen behera jaiotza tasak EAEn, eta azken hamarkadan izandako igoera eten zen.

1976an hasi zen jaiotza kopurua behera egiten EAEn. 1994ra arte beherakada hori nabarmena izan zen. Orduz geroztik, haatik, pixkanaka gora egiten hasi ziren jaiotzak, 2009ra arte. Urte hartan, EAEn 9,6 haur jaio ziren 1.000 biztanleko. Gipuzkoak zuen jaiotza tasarik altuena, eta Bizkaiak baxuena.

Herrialdez herrialde, soilik Araban egin zuten gora jaiotzek 2009an. Baina hazkundea oso txikia izan zen: %0,5ekoa, hain zuzen. Gipuzkoan %1 jaitsi zen jaiotza tasa, eta Bizkaian, berriz, %3.

Adinari dagokionez, ama izan zirenen batez besteko adina 32,4 urtekoa izan zen. Amen %77k 30 urtetik gora zituzten; zehazki, 30 eta 34 urte arteko emakumeek izan zuten haur gehien.

Emakumeek gero eta gehiago itxaroten dute ama izateko. Lehen aldiz ama izan zirenen batez besteko adina 31,5 urtekoa izan zen. 35 urtetik gora ama direnen kopuruak ere gora egiten jarraitzen du urtero-urtero. 2009an ere hala izan zen, ama izan zirenetatik %34k adin horretatik gora baitzuten. Kopuru hori 25 eta 29 urte artean ama izan zirenen ia bikoitza da. 25 urte baino gutxiagorekin ama izan zirenen kopurua, haatik, 2008koaren parekoa izan zen: %7.

Emakume etorkinek gazteago izan zituzten haurrak hemengoek baino. 2009an ama izan ziren andre etorkinek batez beste 28,7 urte zituzten.

Gero eta gehiago dira, halaber,ezkongabeko bikoteek dituzten haurrak. 2009an 6.531 izan ziren, 2008an baino %0,8 gehiago. Igoera hori, hala ere, are agerikoagoa da azken bi hamarkadetako datuak kontuan hartuta, laukoiztu egin baita kopuru hori.

20.502 erditze

Guztira 20.502 erditze izan ziren 2009an. Horietatik 20.000 sinpleakizan ziren, 483 bikoitzak eta hemeretzi hirukoitzak. Jaiotza tasaren beherakada horren adierazle da jaiotakoen %56 lehen umeak izan zirela, %38 bigarrenak eta %8 hirugarrenak edo hortik gorakoak.

Bizirik jaiotako 100 neskatoko 109 mutiko jaio ziren. Nesken batez besteko pisua 3.190 gramokoa izan zen; mutilena, berriz, 3.308 gramokoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.