Hamarretik lauren akusazioa erretiratu du fiskalak; seina urte eskatu ditu besteentzat

Astelehenean bukatuko da Hernaniko gazteen aurkako epaiketa; Segikoak izatea leporatzen diete

Oihana Elduaien Uranga.
2012ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Epaiketan ikusitakoak ikusita, Hernaniko eta Urnietako hamar gazteren kontrako zigor eskaerak gutxitu egin ditu Fiskaltzak. Zazpi eta bederatzi urte arteko espetxe zigorrak eskatzen zituen hasieran, baina, orain, haietako lauren kontrako akusazioa erretiratu egin du, eta gainerako seientzako seina urteko zigorra eskatu du.

Mikel Garcia, Ekaitz Telleria, Txaber Zabaleta eta Antton Zabala zigortzeko frogarik ez dagoela ondorioztatu du fiskalak epaiketan erakutsitakoarekin, eta, beraz, haiek auzitik kanpo utzi ditu. Egoitz Balerdi, Asier Olano, Ekhi Oñate, Jon Ezeiza, Iñigo Alzelai eta Aitzol Arrieta zigortzeko oinarriak badirela uste du, ordea, eta haiei seina urteko espetxe zigorra ezartzeko eskatu zion atzo, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaimahaiari. Fiskalak atzo azaldu zituen azken ondorioak, eta gauza bera egingo dute defentsakoek astelehenean. Alegia, epaimahaia konbentzitzen saiatuko dira fiskalak arrazoirik ez duela eta sei gazteak espetxeratzeko arrazoirik ez dagoela. Azken hitza esateko aukera izango dute auzipetuek, amaieran. Epaiketa bukatu, eta sententziaren zain geldituko dira. Epaimahaiak ez du epe jakinik izango erabakia emateko.

Funtsean, gazteek beraiek Poliziaren esku inkomunikatuta eduki zituztenean egindako deklarazioak dira haien kontra egiteko elementu nagusia. Epaiketako lehen bi egunetan, hamar gazteetako zazpik adierazpen horiek torturapean egindakoak zirela jakinarazi zioten, ordea, epaimahaiari.

Atxilotu eta Madrilera eraman bitartean jo zituztela azaldu zioten Angela Murillo buru duen epaimahaiari. Donostiako Auzitegian jo egin zituztela, jarrera behartuetan eduki zituztela, mehatxatu eta umiliatu egin zituztela kontatu zuten, sinesgarritasun handiz, malkoak begietan izateraino. Adierazpen horiez gain, etxean topatutako kamisetak, eskuorriak, itsasgarriak eta antzeko gauzak daude.

Poliziek epaiketan deklaratu zutenean, gazteak ez zituztela jo, eta beren buruen kontra egindako adierazpenak beren borondatez eginak zirela azaldu zuten. Epaimahaiaren esku dago Poliziari edo gazteei sinetsi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.