Brandom Hamberrek garrantzitsutzat jo du aitortzarako giroa sortzea. Zenbaitetan, helburua bezain garrantzitsua da prozesua bera, bere ustez, bidean jendea konprometitzen delako.
Lehenik, egia jakitea prozesu bat dela esan du, eta urte asko eskatzen dituela. Era berean, kontuan eduki behar da badirela "konponezinak" diren gauzak, nahiz eta leuntzen lagundu. "Prozesuaren parte da iraganean gertatu denarekin bizitzen jakitea". Nabarmendu du egia berreskuratzea ez dela "gai teknikoa"; prozesua soziala eta politikoa dela, era berean, eta biek dutela garrantzia.
Egia jakiteko prozesua hasi aurretik honako galdera egin behar da Hamberren arabera: "Zergatik nahi dugu egia?". Erantzun desberdinak egon daitezke: arerioa zer gaiztoa den azpimarratzeko, etorkizuneko belaunaldiei iraganaz ikasteko, gizartearen elkarbizitzarako... Hala, erantzunaren arabera, mekanismoak desberdinak izan behar dutela uste du. Adibidez, hurrengo belaunaldiak iraganari buruz hezteko bada, hezkuntza indartu beharko litzatekeela azaldu du.
Bigarrenik, azpimarratu du egia ez dela beti positiboa. Hego Afrikan gertatutako adibide bat ekarri du. 17 urterekin tirokatua izan zen gazte baten hilketa ikertu zuen egiaren batzordeak, eta hark deskubritu zuena ez zen bere amak espero zuena. Amari gogorra egin zitzaion egia jakitea, lagun batzuk poliziei lagundu ziotela argitu baitzen. Pertsonalki gogorra egin zitzaion ama hari, baina Hamberren arabera, gizartearentzat "positiboa" izan zen, gizartearen errealitate bat deskubritu eta gogoeta eragin zuelako.
Egia jakiteko mekanismo asko daude, eta haietako batzuk ekarri ditu Hamberrek: Epaiketak, artxibo sekretuak plazaratzea, kasuak berriz ikertzea, egiaren batzordeak, batzorde historikoak, desagertuen batzordeak edo egiaren batzorde informalak... Azken horri garrantzia ere eman dio berak, alegia, biktimek, komunitateek, kazetariek eta eragileek egiten dutenari; artikulu, kanpaina, liburu, film eta abarrekin.
Informazio partekatzeko prozesuak ere nabarmendu ditu, eta gaur egun, Ipar Irlandan halakoak egiten dituztela ekarri du gogora. Ipar Irlandaz hasita, esan du, bere ustez Bloody Sunday-ren adibidea da eredu.
Urte luzez eman zuten prozesua, "baina abiapuntua gezur handi bat izan zen". Urratsez urrats, urte luzetako prozesua laburbildu du. Horietan mugarri izan ziren familien lana, 2002an argitaratutako filmak, Tony Blairrek auzia berrirekitzea eta 12 urte geroago ondorioztatzea hildakoek ez zutela armik. Azkenik David Cameronek barkamena eskatzeraino.
Hamberren hitzaldiaren ostean mahai ingurua egin dute, eta han hiru lagun aritu dira: Paco Etxeberria erreparazioaz; Bertha Gaztelumendik Memoria partekatu baterantz ikerketaz; eta Amaia Kowaschek 1978ko sanferminetako egiaren batzordeaz. Inma Errea izango dute moderatzaile.