Borja Semper PPren Gipuzkoako presidentearen ustez, PPrekin «harremanak normalizatzeko beldurra» du EAJk. Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramailea, bestetik, PPk eginiko proposamenaz hitz egiteko prest azaldu da. Horrela, uda ostean izango dute mahai gainean PPk eta PSE-EEk Bilduren gobernuek «proiektu estrategikoak» bertan behera uztea saihets dezakeen blokeo proposamena.
Pastorrek adierazi du PPk aurkeztutako proposamen gehienak ez direla berriak, «aldaketa demokratikoa» lortzeko PSEk eta PPk sinatutako oinarrien akordioan daudelako bilduta.
«Euskadiren garapenerako» estrategikotzat dituen 24 proiektu babesteko proposamena bidali die PSE-EEri eta EAJri PP, baina «Bilduri oposizioa egiteko blokean» ez duela parte hartuko adierazi dute jeltzaleek.
PSE-EEko bozeramailearen iritziz, berriz, «beti izan behar du lekua elkarrizketak politikan, desados egoteko bada ere». EAJk gai honetan duen jarreraren inguruan, Pastorrek dio jeltzaleek ziurrenik Gipuzkoako instituzio gehienak Bilduren eskuetan egotea ahalbidetu duen «politikanahasgarriarekin» jarraitzen dutelako dela, eta «ezker abertzaleko hautesleei trabarik ez egiteko». PSE-EEren bozeramaileak adierazi du, gainera, betiko hutsegiteak egiten ari dela EAJ.
EAJren ustez, PPk eginiko proposamena «itxurakeria estrategia hutsa» da, eta «Euskobarometroan Lopez lehendakariaren kide nagusi eta bakarra den aldetik jaso duen balorazio txarraren ondorio da». Horrez gain, EAJk adierazi du agiria «onartezina» dela, eta PPk «aurpegia zuritu» nahi duela proposamen horrekin.
Semperrek, bestetik, ontzat jo du PSEk erakutsitako jarrera. Hala ere, EAJri hausnarketa egiteko eskatu dio PPko kideak, «Euskadiren etorkizuna kolokan» dagoelako. Jeltzaleen ustez, ordea, «ilusionismo politiko hutsa da» PPk agiri horretan EAJk Madrilen «lortutako» azpiegitura eskumenak aipatzea.
«Propaganda politikoa»
UPDko legebiltzarkide Gorka Maneirok azaldu du gauza batBilduri demokratikoki aurre egitea dela, eta beste gauza bat dela PPren programa babestea Bilduren aitzakian. Hori dela-eta, PP egiten ari dena «propaganda politikoa» dela adierazi du Maneirok. Baina PPk eginiko proposamena babestea baztertu du legebiltzarkideak, eta «proiektu guztiek behar duten eztabaida politikoa bertan behera ez uztea» eskatu du.
«Harremanak normalizatzearen» beldur izatea egotzi dio PPk EAJri
PPk aurkeztutako proposamen gehienak ez direla berriak adierazi du PSE-EEko bozeramaileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu