Harremanetarako Nazioarteko Taldea gaur eta bihar izango da Euskal Herrian

Currinen taldea agintariekin, alderdiekin eta eragileekin biltzera dator

Erredakzioa
Donostia
2011ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldea Euskal Herrian izango da gaur eta bihar, atzo prentsa ohar baten bitartez jakinarazi zuenez. Brian Currin abokatu hegoafrikarrak sortutako nazioarteko adituen taldea hainbat agintarirekin, eragile politikorekin eta gizarte eragilerekin biltzera dator, martxoan haiei igorritako gutunean aditzera eman zuten gisan.

Atzo igorritako prentsa oharrean, HNTak zioen «normalizazio politikoaren lorpena azkartu, erraztu eta gauzatzeko» lanari jarraipena ematera datozela.

«Lehenik eta behin, taldeak gogorarazi nahi du alderdi politikoen zerbitzura dagoela, elkarrizketa aberasteko, eta ez zer egin behar duten esateko», dio atzoko oharrak.

HNTk uste du «Euskal Herrian sortzen ari den bake prozesurako erronka funtsezkoena» indarkeriarik eta indarkeria mehatxurik gabeko bake prozesu batean eta erakundeetan parte hartze «inklusiboa» lortzea dela.

Xede horretara iristeko, nahitaezkoak jotzen ditu HNTk bi puntu hauek betetzea: lehena, «egun legez kanpo dagoen ezker abertzalearen helburuen ordezkari izango den alderdi politiko baten legeztapena», eta bigarrena, ETAk indarrean duen su-etena egiaztatzeko Nazioarteko Batzorde bat osatzea. Batzorde horrek «sinesgarri» eta «eraginkor» izan behar duela zehazten eta nabarmentzen du HNTk.

Taldeak ez du agerraldi publikorik eta adierazpenik egingo Euskal Herrira egiten duen bigarren bisita honetan.

Currinez gain, Sylvia Casalek,Pierre Hazanek, Raymond Kendallek, Nuala O'Loanek eta Alberto Spektorowskik osatzen dute HNT.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.