Euskal presoak

Harremanetarako Nazioarteko Taldeak dio ez dagoela justifikaziorik ez askatzeko

Uribetxebarria presoa datozen egunetan askatuko dutela espero du Iñigo Urkulluk

Iruñean, atzo, Josu Uribetxebarria, Iñaki Erro eta gaixo duden gainerako presoak aska ditzatela eskatzeko egindako elkarretaratzea. LANDER F. ARROIABE / ARP.
Erredakzioa
Donostia
2012ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Harremanetarako Nazioarteko Taldeak aintzat hartu eta aztertu egin du Josu Uribetxebarria presoaren kasua, eta adierazpen labur bat kaleratu zuen atzo presoa aska dezatela eskatzeko. «Giza eskubideak, Europako espetxe arauak eta Nazio Batuen gutxieneko estandarrak dira egoera hau konpontzeko gidatu behar dituzten printzipioak», adierazi du Brian Currin abokatuak koordinatzen duen taldeak. «Josu Uribetxebarriaren askatasuna arrazoi humanitario hutsetan —eta ez politikoetan— oinarrituko dela kontuan hartuta, ez dago justifikaziorik ez agintzeko». Halaber, dei egin dio Espainiako Gobernuari egoerak eskatzen duen ardurazjokatzeko. «Espainiako Gobernuak aukera bat du Euskal Herrian sortutako egoera berriarekin duen konpromisoa erakusteko. Egoera honetan beharrezkoa da pertsona guztien giza duintasuna errespetatzeko baldintzak sortzea», gaineratu du Harremanetarako Nazioarteko Taldeak.

Iñigo Urkullu EAJren EBBko lehendakariak ere aipatu zuen atzo Uribetxebarria presoaren egoera blogean idatzitako artikulu batean. «Jesus Maria Uribetxebarriari dagozkion espetxe onurak aplikatu behar zaizkio. Legea bete behar da. Badago lege bat, eta bete beharra dago». Urkulluk itxaropena agertu du Uribetxebarriari askatasuna onartzeko erabakia datozen orduetan etorriko dela. Baina kexu agertu da haren kasua «ikuskizun politiko» bihurtzeko bidean dagoelako. «Uribetxebarriari espetxe politika aplikatzeko kontuak ikuskizun bihurtzeko osagai guztiak ditu. Ea auzitegi medikuen txostena oinarri den Barne Ministerioak aukera hori eragotz dezan». Halaber, blogean argitaratutako artikuluan Jose Antonio Ortega Lara espetxe zaindariaren bahiketa ekarri du gogora: nabarmendu du Ortega Lara 532 egunez egon zela bahituta, EAJ asteroko elkarretaratze guztietan egon zela eta ezker abertzaleko inor ez zela bahiketaren kontra agertu 532 egun haietan.

Leopoldo Barreda PPko diputatuak, berriz, legea bete egingo dela ziurtatu du, «Batasunaren munduak dioena esanda, eta Urkulluk iritzi duena iritzita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.