Harrera zentroan falta zen emakumearen erasotzailea atxilotu dute Alemanian

Gizonak, urruntze agindua urratu, eta ihes egin zuen emakumearekin eta 10 hilabeteko haren haurrarekin

Indarkeria matxista salatzeko elkarretaratze bat Iruñean, artxiboko irudia. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Indarkeria matxista salatzeko elkarretaratze bat. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
gotzon hermosilla
2023ko abenduaren 1a
09:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Joan den urriaren 25ean jakinarazi zuten tratu txarrak pairatutako emakume bat eta 10 hilabeteko haren haurra urriaren 21etik falta zirela Gipuzkoako Diputazioak indarkeria matxista pairatzen duten andreei harrera egiteko duen zentro batean, eta Ertzaintza emakume haren erasotzailearen atzetik zebilela. Orain, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak iragarri du erasotzailea atxilotu duela Alemaniako Poliziak, eta Euskal Herrira igorriko dutela.

Erasotzaileak gararazita zeukan emakumearengana 200 metro baino hurbilago gerturatzea eta harekin harremana izatea. Hala ere, urriaren 21ean emakumea eta haurra harrera zentrotik desagertu ziren biak paseatzera atera ondoren, eta hasiera-hasieratik erasotzailea izan zen jazotakoaren susmagarri nagusia. Desagertu zirenean, gizona epaiketaren zain zegoen: han, pultsera telematikoa ezarriko ote zioten ebatzi behar zuten.

Zenbait hedabidek zabaldu zutenez, emakumeak babes mailarik handiena zeukan ezarrita, eta Poliziak zaindu behar izaten zuen zentrotik ateratzen zen guztietan. Segurtasun Sailak iragarri zuen barne ikerketa bat abiaraziko zuela zerbaitek huts egin ote zuen jakiteko, eta auzi hauetarako ezarritako protokoloak hobetu egingo zituztela.

Euskal Herrira iritsitakoan, gizonezkoa auzitara eramango dute, urruntze agindua urratu izana egotzita.

Emakumearen egoera

Eusko Legebiltzarreko sarreran egindako adierazpenetan, Segurtasun Sailburu Josu Erkorekak esan du oraindik ez dutela emakumearen eta haurraren egoeraren berri, eta harremanetan jarri direla Alemaniako Poliziarekin, jakiteko emakumeak Euskal Herrira itzultzeko asmorik ba ote duen. Hala balitz, dagozkion neurriak ezarriko lituzkete emakumearen segurtasuna bermatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.