Harriz harri herria egiten

Auzolanari eta herrigintzari buruzko jardunaldi bat egiten ari dira atzo eta gaur UEUn. Auzolana oraindik bizirik dagoela hartu dute oinarri gisa, eta indartzea ezinbesteko dela adierazi dute.

Garikoitz Goikoetxea.
2011ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Auzolan, etxean jan eta kanpoan lan. Bildumetan ageri da esaera zaharra, baina eguneroko hizketatik urrundua da honezkero. Auzolanaren gisa berean, beraz. «Gaur egungo gizarte eredu ekonomikoan, komunitarioa den horrek gero eta pisu gutxiago du, eta horrek kalte egin die auzolanari eta herrigintzari. Gainbehera bat bainoago, indargabetze bat izan da». Andere Ormazabal soziologoak egin du hausnarketa auzolanaren egoerari buruz. UEU Udako Euskal Unibertsitatean atzo hasi zuten ikastaro baten antolatzaileetakoa da. Auzolana eta herrigintza: bizimodu komunitarioak berpiztuz jarri diote izenburu jardunaldiari. Gaur amaituko dute saioa.

Iraganari, orainari eta geroari begiratzen ari dira, uste baitute gaur egun ere jarraitzen duela auzolanak Euskal Herrian. Beste modu batean bada ere, martxan. «Gaur egungo herri mugimendu askoren dinamika auzolanarena da», berretsi du Ormazabalek. Lau alorretatik ari dira egoerari erreparatzen: kulturarenetik, ekonomiarenetik, talde harremanenetik eta politikarenetik. Hizketa saioen bideratzaile eta parte hartzaile, guztira 50 pertsona baino gehiago ari dira auzolanari buruzko jardunaldietan parte hartzen.

Auzolanerako deia, bere horretan esanda, kulturarekin loturiko gaietan ageri da maiz gaur egun. Eta, izenaz haratago, ez da hartzen lan gisa ere. «Normalean dohainik egiten den lana da, eta, teoria ekonomikoentzat, hori ez da lana. Soldatapeko enpleguan eta jabetza pribatuan oinarritutakoa da lana teoria horientzat». Yolanda Jubetok auzolanaren ikuspegi ekonomikoa hartu du aztergai. Lotu egin ditu teoria ekonomikoen ideiak eta gizarteak barneratu dituenak: «Baztertu egin dira lan asko, bereziki emakumeek egindakoa eta komunitatearena». Eta, Jubetoren esanetan, bidegabea da hori. «Egin, egiten dira lan horiek. Baina arazoa da ez dela ikusten, ez dela baloratzen, ez dela ekonomiatzat hartzen».

Lan ordaindua izanda, ba al du zentzurik debaldeko lanean indarra xahutzeak? Baietz uste du ekonomia adituak: «Ilusio bat sortzen du soldatak, uste dugu izan gaitezkeela independenteak ere. Baina ez: gizakiak gara, eta beste gizakien beharra dugu etengabe». Taldean aritzearen beharra, hortaz. Hori hartu du hizketagai Marije Apodaka Psikologia irakasleak. Taldean aritzeak zer dakarkien hango partaideei. «Ordea, maiz lana soilik izaten da helburua, pertsonen emozioei ez zaie erreparatzen. Hori indartu behar da. Baina ez dakigu emozioak identifikatzen eta kudeatzen».

Elkarrekikotasunaren garrantzia nabarmendu du Apodakak. «Taldeak pertsonaz osatuta daude, eta identitatea sortzen dute elkarrekintzan eta testuinguruaren arabera. Autonomia bilatzen dugu, baina elkarrekintza egonik». Hala ere, aitortu du bigarren lekuan uzten dela hori askotan. Hara berriro emakumeak eta auzolana harremanetan: «Emozioak feminitatearekin lotu dira, baina denon zerbait dira horiek».

Aztertu, indartzeko

Auzolanean diharduten hainbat talde ari dira testigantza ematen; besteak beste, Joxemi Zumalabe fundazioa, Auzolan ekimena eta MusikHerria. Haien esperientziak jasotzea dute xede. Hizketaldietan izan dituzte hizpide beste batzuk; adibidez, auzoetako jai batzordeak eta etengabe sortzen ari diren kontsumo taldeak.

Egoera aztertu nahi dute, iraultzeko. Auzolana indartzea ezinbestekotzat jo dute. Hala dio Ormazabalek: «Auzolana, herrigintza eta parte hartze komunitarioa guztion ardura dira. Delegazionismoak kalte besterik ez du egiten; gaur egungo ereduak prekarietate handia ekarri du, ez soilik ekonomian, baita giza alorrean ere». Euskal Herrian horren kontzientzia badagoela uste du soziologoak. «Indartu egin behar da».

Aldatzeko unea dela uste dute Jubetok eta Apodakak ere. Testuinguru ekonomikoari heldu dio ekonomia irakasleak: «Diktadura ekonomiko batean bizi gara. Merkatuak kontrolatzen du dena, esku ikusezina da. Auzolanek lekua behar dute beste eredu batzuetan». Apodaka: «Emozioak eta horietan inplikatzea baztertu dugu, eta ekarri behar dugu hori. Emozioen eraginaz jakin behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.