Haserrea eragin du Lizarran bigantxa bati egindako erasoak

Gizon batek bigantxa bati heldu dio festetan, eta lurrean ziplo utzi du. Dozenaka lagunek gaitzetsi dute gertatutakoa sareetan.

Erasotzailea bigantxari helduta, gaur, Lizarran (Nafarroa). BERRIA
Paulo Ostolaza.
2023ko abuztuaren 6a
19:40
Entzun

Berriz ere albiste dira Lizarrako (Nafarroa) festak. Ostiralean albiste izan ziren, udaltzain batek zinegotzi bat indarrez atera zuelako udaletxeko balkoitik, ikurrina erakusteagatik. Gaur, berriz, bigantxetako bideo bat egin da biral. Han, gizon bat ikus daiteke bigantxa bati eraso egiten, ingurukoak gertatzen ari dena sinetsi ezinda daudela.

Aipatutako gizonak bigantxa lurrera bota aurretik, gauza bera egiten saiatzen dira beste pare bat lagun, animaliari adarretatik eta isatsetik helduz. Unaia saiatzen da animalia babesten, baina ez diote jaramonik egiten.

Sareetan askok gaitzetsi dute erasotzailearen jarrera. Beste hainbatek, berriz, zezenketen eta gisakoen aurka egin dute.

Bilbon, zezenketak

Azken egunetan izan da sareetan zeresana eman duen beste gai bat, hura ere zezenen ingurukoa. Euskal Herriko hainbat hiritan eta herritan bezala, Bilboko Aste Nagusian ere zezenketak izango dira. Izen handiko toreatzaileak elkartuko dira Bizkaiko hiriburuan: Andres Roca Rey, El Juli, Morante de la Puebla...

Horren kontra protesta egin du, besteak beste, Bilboko Sortuk. Ostegunean sareetan jarri zuten bideo bat; han, ekintzaileak ageri dira zezenketak iragartzen dituzten kartelei pintura gorria botatzen.

Ekintza horrek ere kritika ugari jaso ditu, ordea. Ez ekintzagatik beragatik, baizik eta EH Bilduk alkatetza duen hainbat herritan ere egiten direlako zezenketak. Hainbatek hipokrisia egotzi diote Sorturi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.