Lizarrako zinegotzi bat indarrez atera dute ikurrina erakusteagatik

Udaltzaingoaren buruak indarrez atera du EH Bilduko zinegotzia udaletxeko balkoitik. Zinegotzia ikurrina erakusten saiatu da Lizarrako jaietako txupinazoan.

Lizarrako jaietako txupinazoa artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2023ko abuztuaren 4a
14:51
Entzun

Lizarrako (Nafarroa) Udaltzaingoaren buru Rodrigo Garcia de Galdianok indarrez atera du Elisabet Ziordia zinegotzia udaletxeko balkoitik, ikurrina zabaldu duenean. Lizarrako jaiei hasiera emateko txupinazoan gertatu da. Ziordiari balkoira ateratzeko txanda iritsi zaionean, balkoipean zeuden herritarren aurrean zabaldu du ikurrin bat. Segituan, udaltzainen burua agertu da, eta balkoitik atera du zinegotzia, indarrez.

EH Bilduk adierazi du Lizarrako gertakariak «beste behin ere» agerian utzi duela «egin beharreko bidea»: «Bada garaia ikur guztiak eta adierazpen askatasuna errespetatzeko».

Ziordiak aurten hartu du kargua, EH Bilduko zerrendetan bigarren postuan joanda. Alderdi subiranistak bost zinegotzi ditu Lizarran. Garcia de Galdiano ere hauteskundeen ondoren izendatu dute udaltzainen buru. UPNk alkatetza berreskuratu eta Marta Ruiz de Alda alkateak hartutako lehen erabakietako bat izan da. Garcia de Galdiano lehendik ere aritua da lanpostu horretan. Aurreko agintaldiaren hasieran jardun zuen Udaltzaingoaren buru gisa, EH Bilduk alkatetza eskuratu zuen arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.