«Haserretuei» botoa eskatuz eta ETAren indarkeriaren biktimak gogoratuz amaitu du hauteskunde kanpaina Patxi Lopez PSE-EEko lehendakarigaiak, Gasteizen. Zaramaga auzoan izan zen atzo arratsaldean, eta, iluntzean, Forondako Atean, ETAren indarkeriaren biktimak gogoratzeko oroitarrian. Kanpaina osoan zehar egin duen eran, alderdi sozialistaren ohiko boto emaileak mobilizatzeko mezuak izan zituen Lopezek: euskal autogobernuaren aldeko defentsa eta murrizketen aurkako konpromisoa.
Hala egin zuen Zaramaga auzoko mitinean. Ekitaldi xumea izan zen. Alderdikide gutxi batzuk, Arabako zerrendaburu Txarli Prieto eta auzokide batzuk bildu ziren bertan. Lopezek adierazi zuen igandeko bozak oso garrantzitsuak izango direla, «herri eredua eta gizarte eredua daudelako jokoan». Alderdi abertzaleen asmoei erreferentzia eginez, berretsi egin zuen sozialistek ez dutela babestuko «gizartea banatzen duen abenturarik», eta ohartarazi zuen marko politikoaren edozein aldaketa egungo legedian oinarrituta egin behar dela. Ekonomiari dagokionez, botoa eskatu zuen «EAJk egingo dituen murrizketei aurre egiteko». Eta «berme» moduan jarri zuen hiru urteotan Eusko Jaurlaritzan eginiko kudeaketa. «Espainian eta hemen murrizketen aurka protesta egiten dutenentzako erreferentzia gara», nabarmendu zuen.
Imanolen 'Ausencia'
Zaramagako ekitaldiaren ostean, Forondako Atera joan zen Lopez, eta han amaitu zuen hauteskunde kanpaina, ETAren indarkeriaren biktimen omenez jarritako oroitarrian. Bizikidetzaz mintzatu zen. «Memoriadun bizikidetza batez». Haren agintaldian «terrorismoa amaitu» eta «askatasuna berreskuratu» direla adierazi zuen, eta nabarmendu hori «biktimen duintasunak, gizartearen erresistentziak eta Zuzenbide Estatuak» ekarri dutela. Halaber, hitzeman zuen herritar guztiek eskubide eta betebehar berberak izango dituen bizikidetza akordio baten alde lan egingo duela. Ekitaldian izan ziren, besteak beste Rodolfo Ares Herrizaingo sailburu ohia, Jesus Loza Memoria eta Bizikidetzarako mandataria eta Ramon Jauregi Espainiako Kongresuko diputatua.Imanolen Ausencia abestuz amaitu zuen hauteskunde kanpaina azken hiru urteetako lehendakari ak.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Alderdien kanpaina
«Haserretuen» botoa eskatu du Lopezek kanpainako azken egunean
PSEko lehendakarigaiak ETAren biktimen memoria oinarri duen bizikidetza galdegin du, «berriro gerta ez dadin»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu