Euskara

Hasi da Korrika, lehenengoz Erriberan

Edurne Brouard Korrikaren arduradunak eta Aitziber Sarasola AEKren Nafarroako ardunadunak eman diote Korrikaren 16. edizioari hasiera, Tuteran eta lehenengo lekukoa Alizia Iribarrenek hartu du, AEKren Tuterako arduradunak. Kaskante, Kastejon eta Milagrotik igaroko da gaur, besteak beste.

Garikoitz Goikoetxea.
2009ko martxoaren 26a
20:05
Entzun
Abiatu da Korrika 16 Tuteratik (Nafarroa). Edurne Brouard Korrikaren arduradunak eta Aitziber Sarasola AEKren Nafarroako ardunadunak eman diote hasiera lasterketari. Lehenengo lekukoa Alizia Iribarrenek hartu du, AEKren Tuterako arduradunak. Kaskante, Kastejon eta Milagrotik igaroko da gaur, besteak beste.

Lasterketak aurrean 11 egun, euskararen aldarria egin eta hartara hurbildu direnei ongietorria emateko. 2.503kilometro osatu arte, gau eta egun ibiliko dira Euskal Herri osoan, korrika. Apirilaren 5ean amaituko da, Gasteizen. Inoizko Korrikarik luzeena da.

Euskal Herrira etorri, euskara ikasi eta hura transmititu dutenak, eta bertokoak izanik euskara galdu eta berrikasi dutenak ditu gogoan aurtengo Korrikak. Hala, etorkinei eta Euskal Herrian bizi diren erdaldunei adieraziko diete Euskal Herrian badela frantsesa eta gaztelania ez den beste hizkuntza bat, "geurea propioa dena". Horrekin batera, erabilera izango du ardatz Korrikak, "euskaldun osoak" baititu helburu.

Lehenengo aldiz hasi da Korrika Erriberan, eta bertan lasterketa hasteko arrazoiak asko dira, besteak beste, eremu hori ez euskaldun bezala izendatuta dagoelako. Egun osoko jaia antolatu dute Tuteran. Argia ikastolan, jokoak eta tailerrak izan dituzte goizean. 13:00ean, Herrerias kalera igaro da jai giroa. Txupinazioa bota ondoren, bazkaria egin dute. Korrika hasi baino lehen, jotak, dantzariak eta joaldunak izan dira, baita Kukai dantza taldearen emanaldia ere.

17:00etan Korrika 16ren hasiera ekitaldia egin dute, eta ordu erdi geroago hasi da lasterketa bera. Tuteran hasi, eta, Nafarroa ekialdean ibilita, Iruñera larunbatean helduko da, 08:04an. Ipar aldera egingo du orduan, eta Hernanitik sartuko da Gipuzkoan. Donostiatik 23:15ean pasatuko da.

Igandea Iparraldean egingo du. 13:55ean iritsiko da Baionara. Maulera jada astelehena delarik iritsiko da, 00:45ean. Donibane Garazin 05:12an izango da. Nafarroara joko du berriro. 12:43an dute ordua Beran. Tafallara astearte goizean iritsiko da, eta Arabara egingo du. Ostegunera arte han izango da. Gipuzkoan sartuko da orduan. Goierri, Tolosaldea, eta Urola ingurua igaroko ditu. Bizkaira ostiral goizaldean helduko da. Bilbon, 18:42an izango da. Larunbata ere Bizkaian egingo du.

Igandean, apirilak 5, 12:30ean amaituko da Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan. Han irakurriko dute eskuz esku igarotako lekukoaren barruko mezua. Betagarri taldearen kontzertua ere izango da. Hark egin du aurtengo kanta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.