Gaur hasi da COVID-19aren aurkako txertaketa kanpaina Hego Euskal Herrian. Pfizer eta BioNTech botika etxeen txertoak jaso dituzte administrazioek, eta zahar etxeetatik ekin diote kanpainari; izan ere, lehen fasean arrisku taldeek izango dute lehentasuna, egoera zaurgarrian dauden taldeek. Iruñeko El Vergel egoitzako 70 urteko egoiliar bati jarri diote lehenengoa. Han dauden 150 pertsonari jarri nahi diete txertoa.
Beste hiru zahar etxetan ere hasi dute kanpaina: Gasteizko Ajuria egoitzan, Elorrioko (Bizkaia) laguntza zentroan eta Hondarribiko (Gipuzkoa) Caser Betharram zahar etxean. 405 emango dituzte gaur, eta, hemendik aurrera, astero 16.000 txerto jartzeko asmoa du Eusko Jaurlaritzak, 193.000ra iritsi arte.
Txertoaren lehen dosiak 10:00ak aldera iritsi dira. Egoiliarrei eta langileei jarri diete, eta txertoa jaso dutenak hamabost minutuz utzi dituzte osasun langileen zaintzapean, badaezpada ere. Txerto horrek bi dosi behar ditu, eta lehenengoa jaso eta 21 egunera jarriko diete bigarrena.
Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentea El Vergelen izan da, kanpainaren hasieran, eta hedabideei adierazi die «itxaropena eta ilusioa» piztu dizkiola txertoak, nahiz eta ohartarazi duen txertoarekin ez dela osasun krisia desagertuko, eta «hilabeteetako» lana dagoela aurretik. Hain zuzen, haren gobernuak atzo jakinarazi zuen ez dituela segurtasun neurriak malgutuko Urtezahar gauean, datuen goranzko joera «argia eta nabarmena» delako.
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi du txertoa jasota beste aro bat hasiko dela COVID-19ari aurre egiteko lanean. Osasun Sailak 405 dosi jaso ditu gaur, aurrerapen bat, zahar etxeetan banatzeko: 104 Araban, 85 Bizkaian eta 180 Gipuzkoan. Aurreikuspenen arabera, astero 16.000 dosi inguru jasoko dituzte.