Bost urte beteko dira udazkenean abiadura handiko trenaren lanak abiatu zituztenetik. Urbinan (Araba) jarri zituzten martxan hondeamakinak, eta, geroztik, ez dira geratu. Tunelak, zubiak, basogabetzeak eta lubakiak. Euskal Herrian inoiz egin den azpiegitura lanik luzeen eta garestienaren arrastoak agerikoak dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan eta Lapurdin, obren aurreko azterketa fasean ari dira. Bost urtean bost kilometroko tarte bat besterik ez dute amaitu, eta zati batzuetan urtebetetik gorako atzerapenarekin ari dira. Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak diote lanek sortutako kontrako jarrerak asko atzeratu dituela tramite administratiboak. Baina ekonomikoki ere ez daude nahi bezain sendo. Zati askotan hilabete luzeak eman dituzte lanek erabat geldirik, aurrekontu arazoengatik. Hurrengo lerrootan azpiegituraren zenbait zatiren egungo egoeraren argazkia islatzen saiatu da BERRIA.
'Euskal Y'-a
Bost urtean bost kilometro. Horixe da amaitu duten zatiaren luzera. Ez dirudi oso balantze emankorra. Alabaina, gorabehera handiekin bada ere, obrak aurreratzen ari dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Batzuek nahi baino astiroago, besteek nahi baino azkarrago. 166 kilometrotik 89an martxan daude lanak; alegia, ibilbide erdian baino gehiagoan. Toki batzuetan lanak oso aurreratuta badaude ere —Durango-Abadiño, Arratzua-Ubarrundia-Legutio eta Beasain ekialdeko zatietan—, zaila da obraren egoera zehatz-mehatz zein den jakitea. AHT Gelditu! Elkarlaneko kideen iritziz, lanaren herena ere ez dago eginda.
Bizkaian, Araban eta Debagoienean (Gipuzkoa) gorabehera handiekin dabiltza. Iaz, Durangaldean eta Aramaio inguruan obrak guztiz eten zituzten hainbat zatitan uztailetik abendura bitartean, aurrekontu faltan. Aurten ere antzera egin dute. Esaterako, Aramaion zinpeko zaindariak bakarrik daude obretan. Langileek herritarrei esan diete hurrengo urtera arte ez direla itzuliko. Soldatarik ez dutela jasotzen ere kexatu izan dira behin baino gehiagotan, hango lekukoen arabera.
Durango eta Abadiñoko zatia aurten amaituko dutela hitzeman du Adifek, trenbide azpiegituren kudeatzaileak. Gainerakoan, Durango eta Zornotza arteko zatian geldi antzean daude makinak. Zornotzatik Lemoarako bidean, berriz, indar biziz dabiltza. Gipuzkoalderantz, berriz, aspaldi ekin zioten Udalaitz azpiko tunela zulatzeari Arrasate aldetik. Aurten, berriz, Elorriotik ekin diote. Arabako, Bizkaiko eta Bergara arteko Gipuzkoako lanen ardura Adifena da —Sustapen Ministerioaren menpe dago—.
Bergaratik Irunerako zatiaren ardura, berriz, Eusko Jaurlaritzarena da. 2011ra arte lanak Goierriko tartean bakarrik egin badituzte ere, aurten eremu zabalago batera hedatu dituzte. Esaterako, Bergaratik Ezkio-Itsasora hasi berri dituzte lanak, eta tunel batzuk zulatzeari ekin diote. Oraindik basoak mozten eta eremua atontzen dabiltza nagusiki inguruotan, lanak abiapuntuan daudelako seinale.
Gipuzkoako zatian Goierriko tartean daude lanak aurreratuen. Beasain ekialdean, esaterako, tunela amaituta dago, eta lanak azken fasean daude. Jaurlaritzaren arabera, hurrengo urtean amaituko dituzte. Gauza bera esan daiteke Ordizia eta Itsasondo arteko zatiaz. Beasain mendebaldean eta Legorreta aldean ere obrak dezente aurreratu dituzte.
Hortik aurrera, obrak atzeratuxeago daude. Tolosako zatian, Ikaztegieta inguruan, lurrak hartuak dituzte, eta tunela egiteari ekin diote. Tolosa-Hernialde zatian ere obra hasita dago. Andoain eta Urnieta arteko tartean ere berriki hasi dituzte lanak. Tarteko zatian, Hernialdetik Andoainerako tartean, lanak 2012an hasiko dituztela hitzeman du Eusko Jaurlaritzak. Egunotan jakin den albiste batek, ordea, oztopatu egin dezake asmo hori. Andoaingo Udalak (Bildu) eten egin ditu AHTko lanekin lotuta dagoen Azpikolako harrobia berriro irekitzeko lanak, enpresari emandako baimenean «irregulartasunak» izan direla egotzita. Hernanitik Irunera daude tramiteak atzeratuen, segur aski Lapurdiko zatiarekiko lotura zehaztu gabe dagoelako oraindik.
Hiru herrialdeetan atzeratuen dagoen tramitea hiriburuetako sarrera eta geltokien kokapena da. Gorabehera handiak izan dira-eta horietan, eta erakundeak oraindik ez dira ados jarri. Obraren sustatzaileek uste dute hirigintza planak ez direla amaituta egongo 2016. urtearen aurretik. Hartara, obra guztia 2016rako amaituta ere —epe hori jarri dute Adifek eta Jaurlaritzak—, hiriburuetan behin-behineko ibilbideetatik sartuko da tren lasterra.
Obrari ekin ziotenean 2013an amaituko zutela hitzeman zuten Jaurlaritzak eta Adifek. Atzeratu eta atzeratu ahala, 2016an jarri zuten erronka gero. Alabaina, obrak oraindik gehiago atzeratuko direla diote hainbat iturrik. Izan ere, aurrerantzean ekingo dioten zatia geografikoki oso zaila da, eta egoera ekonomiko orokorra, berriz, argitu gabeko galdera marka. Tunel barruan ere arazoak izan ditzakete ur pitzadurekin. Udalaitz barruan eduki dituzte jadanik horrelako problemak, jardunaldi tekniko batzuetan aitortu zutenez. Eta, gainera, plataforma ondoko lanak —errailak jartzea, argindar sarea eta argindar aspiestazioak prestatzea— hasi ere egin gabe daude. Urrats bakarra egin dute horretan: berriki Zornotzako Luminabasoko aspiestazio elektrikoaren eskaintza atera zen Espainiako buletin ofizialean.
Gasteiz-Miranda de Ebro
Adifek Espainiako muga eta Iruña Oka artean dauden hiru zatien lanak eskaini baditu ere, zati honetan tramiteak oraindik ez daude obrei berehalakoan ekiteko bezain gertu, itxura batean behintzat. Obra hau oso lotuta dago Valladolid eta Burgos arteko zatiarekin. Obrei ekin diete ibilbide ia osoan eremu horretan, baina gorabehera dezente dituzte finantzabidearekin.
Nafarroako korridorea
Nafarroako obren kasuan, hiru zati daudela esan liteke. Iruñea eta Gipuzkoa arteko lotura, Iruñea-Castejon eta Castejon-Zaragoza (Espainia) artekoa. Oraingoz, tramite administratiboak Iruñea-Castejon zatian daude aurreratuen. Izan ere, iaz sinatu zuten hitzarmenean zati hori nola finantzatu erabaki zuten Espainiako eta Nafarroako gobernuek. Aurrekontuaren zati handiena—675 milioi eurotik 387— aurreratuko du Nafarroako Gobernuak, eta, ondoren, Madrilek itzuliko dio dirua. Alegia, Jaurlaritzarekin egin zuten antzera.
Dagoeneko Castejon-Alesbes zatiaren azpiatal bat —Cadreita eta Alesbes artekoa— eskaini du gobernuak, eta derrigorrezko desjabetze aktak sinatzen hasiko dira hilaren 31n. Tramite hori bete ostean, lanak zein enpresari eman erabaki ostean, lurrak hartzen hasiko dira. Berez, aurten ekin nahi diete lanei. Beste bi zatitan —Alesbes-Erriberri eta Erriberri-Tafalla— eraikuntza proiektua onartua dago. Beste bietan —Tafalla-Tebas-Muru Artederreta eta Tebas-Muru Artederreta-Ezkirotz— eraikuntza proiektuak onartu gabe daude. Castejon-Iruñea zatiko lanak 2015ean amaitu nahi ditu Nafarroako Gobernuak.
Beste bi zatietan askoz ere atzeratuago daude tramiteak. Gipuzkoako lotura nondik nora egin erabakitzeko, batzorde bat eratu dute Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Sustapen Ministerioak, eta hark erabakiko du nondik egin lotura. Kasu honetan, baita Castejondik Espainiarako muga doan tartean ere, azterketa informatiborik ez dago oraindik.
Lapurdi
Gorabehera handiko tartea bilakatu da Lapurdikoa. Gizartearen errefusak —hautetsi askorena, tartean— kinka zailean jarri duFrantziako administrazioa. Lanekin tematua da hura, eta aurten zundatze lan batzuk egin dituzte, baina zailtasun ugarirekin, herritarrek egindako protesten ondorioz. Eta, hauteskundeen ostean, proiektua etetea erabaki zuen Frantziako Gobernuak. Hala iragarri zuen Nathalie Kosciusko-Morizet Ingurumen ministroak Miarritzera egindako bisita batean, ekainaren hasieran. Hain zuzen, Hendaia eta Bordele (Frantzia) arteko tren garraioari buruzko ikerketa egingo zutela agindu zuen ministroak, eta, bitartean, tramiteak eten egingo zituztela. Berez, udazkenean espero dira azterketa horren emaitzak.
AHTko lanak. Proiektuaren egoera
Hasi eta bost urtera, AHTko lanak ibilbidearen laurdenean daude hasita
'Euskal Y'-aren ibilbidearen erdia baino gehiago obretan dago jadanik, baina bost kilometro besterik ez dituzte amaituNafarroan aurten hasi nahi dituzte lanak, eta Lapurdiko zatia etenda dago oraingoz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu