Indarkeriaren biktimak. Estatuaren biktimak

Hasi ezean, ezin amaitu

Txiki eta Otaegiren senitartekoek diote frankismo garaiko estatuaren biktimei buruz Jaurlaritzak argitaratu berri duen dekretua hankamotza dela, baina argi daukate biktima guztiak onartzeko bidearen hasiera dela.

Mertxe Urtuzaga, Otaegiren lehengusua, eta Mikel Paredes, Txikiren anaia. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Zumaia
2012ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Berandu dator, motz gelditu da eta hutsune asko ditu, baina hasiera bat da; atea ireki da. Iritzihorixe dute Mikel Paredesek eta Mertxe Urtuzagak Jaurlaritzaren dekretuari buruz. Bata Juan Paredes Txiki-ren anaia da, eta bestea, Angel Otaegiren lehengusua. 1975eko irailaren 27ko egunsentian hil zituzten biak, fusilatuta. Francisco Franco diktadoreak azkenetan agindu zuen haiek fusilatzeko. Anaiari begira ukabila altxatuta Eusko gudariak abesten hil zuten Txiki, Cerdanyola del Vallesen (Bartzelona). Otaegi Burgosen josi zuten tiroz (Espainia), lekukorik gabe.

Senitartekoak hil zizkietenetik 37 urte pasatu dira, eta orain arte ez dute jaso aitorpen ofizialik. Herriak bai; herritarrek biktima gisa onartu dituzte, omenaldiak egin dizkiete eta familiakoei berotasuna eman diete. Fusilatu zituztenetik, urtero-urtero gogora ekarri dituzte haiek eta beste hainbat, hain justu ere, irailaren 27an, Gudari Egunean. Dekretuaz hitz egiteko Zumaian egindako juntadizoan ere, jendeak elkartasun keinuak egin dizkie. Instituzioetan, ordea, ezertxo ere ez, orain arte.

Poztu ditu dekretuak, nahiz eta uste duten berandu eta oso hankamotz etorri dela. Badakite beraiek biktima gisara onartuko dituzten arren beste hainbat onartu gabe geldituko direla. Urtuzagakgogora ekarri du Otaegi ibiltzen zen herrian ere —Azpeitian— badela antzeko kasurik: 1984an Pasaiako segadan hil zituzten Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxori buruz ari da. Onartu duten dekretuak 1978ra arteko biktimak bakarrik hartzen ditu kontuan —gaur egun arte iritsiko den dekretu bat prestatzen ari da Jaurlaritza—. Hala ere, garai hartan tiroketetan hildako etakideak ez dituzte onartuko, eta frankismo garaian izan ziren milaka torturatuak ere ez. «Haiek guztiek denborarekin tokia izan behar dute, baina horretarako atea ireki beharra geneukan».

Urtuzagak eta Paredesek argi dute dekretua pauso bat dela, txikia izan arren, eta daukan garrantzia eman egin behar zaiola. Paredes: «Argi dago oso konplikatua dela. Gauza guztiak batera nahi ditugu, dena korrika. Jaurlaritzaren dekretu hau nahikoa ez den arren, uste dut ate bat irekitzen duela, eta horregatik parte hartu dugu, uste dugulako modu bat dela kanpoan gelditu direnei atea irekitzeko. Hala gertatzen ez bada, ez dugu asmatu. Baina bidea hasi beharra dago, hasten ez bada ez baitugu sekula amaituko». Dekretu honekin, bi aukera zituzten: «Edo ezer ez duzu onartzen, edo zerbait onartzen duzu, atea irekiz». Bigarrena aukeratu dute, fruituak emango dituen esperantzan. «Gauzak nola doazen ikusita, uste dut posible dela. Aukera bat ireki da», dio Paredesek.

Urrutirago joan nahiko lukete, eta, Jaurlaritzak ez ezik, fusilamenduak egin zituztenek ere egindakoa aitortzea; baina badakite hori zaila dela, asko hilda egongo direlako eta «oso zaila» delako Espainiako Gobernuaren aitorpena lortzea. Urtuzagak, behintzat, ez du itxaropen handirik, «Madril aldean agintzen daudenak ikusita. Ez dute inoiz esango gaizki egin zutenik; beti topatuko dute aitzakiaren bat: terroristak zirela edo bat edo beste». Paredesek PPri begiratzen dio: «Esan eta esan ari dira biktima guztiak ez direla berdinak. Nola ez direla berdinak? Argi dago guztiak direla biktima, baina haientzat, ez; haientzat eurenak bakarrik dira biktimak. Kontua da haiek agintzen dutela eta haiek egiten dituztela legeak, dekretuak eta dena, eta ez dute egingo, ez dutelako nahi». Haietakoren batekin mahaian aurrez aurre jarri, eta bere anaiari egin ziotena kontatuko lioke: nola hil zuten bere begien aurrean. Minduta dago: «Zuk zer dakizu niri buruz, nire familiari buruz? Ez dakizu ezer, baina zure alderdiak esaten duenez biktimak ezin direla parekatu, horri eusten diozu». Bigarren mailako biktima sentiarazten ditu horrek: «Oso argi dago».

Barkamena

Inork ezdie barkamenik eskatu, baina ez daukate oso argi eskatzerik nahi duten ere: «Gaizki ez zen etorriko». Onartzea bai, egindako mina onartzea behar dute. «Behar dugu garai hartan gobernuan egon zirenek esatea hori egin zutela, defendatzeko aukerarik ez zietela eman, eta onartzea guztia zein gaizki egin zuten».

Barkatuko lieketen ere ez dakite. Esaten dute familiako kide bakoitzari eskatu beharko lieketela, eta, seguruenera, erantzun ezberdinak egongo liratekeela. Urtuzaga: «Egindako mina, amari, senide guztiei, gertatutakoarekin, ondorengoarekin... Zaila da egin zutenek barkamena eskatzea ere, baina ez dakit barkatuko nukeen. Zaila da». Paredesek ere aitortu du ez dakiela, baina egoera horretan egotea gustatuko litzaioke. «Barkamena eskatzea eta onartzea aurrerapausoa bada, nik uste dut, agian... Gainerakoen ongizatea nire erantzunaren arabera balego, uste dut barkatuko nukeela. Desberdin pentsatzen duen jendearekin egoteak lagundu dit konturatzen nahi baldin bada ekar ulertzera irits zaitezkeela».

Izan ere, Glencree proiektuaren barruan, ETAren biktimekin ere egon da Paredes. Latza izan dela dio. Erabat mentalitate ezberdineko jendearekin egon da, politikoki bestela pentsatzen duenarekin eta bizi-ikuspegi desberdin bat dutenekin. «Baina, halako batean, idealak baztertu egiten dituzu eta esaten duzu: biktima gisa elkar gaitezen eta hitz egin dezagun, halaxe baikara alde bateko edo besteko. Eta denbora, denbora, denbora etadenbora pasatzen denean, konturatzen zara ulertzen zaituztela, eta zuk ulertzen dituzula. Onartzen dizutenean zure arrazoiaren zatia eta haiek ere badutela, ematen du ulertzen hasten zarela». Uste du proiektu horrek asko eman duela eta emango duela: «Ikuspegia zabaldu dio jende askori».

Onartu du zaila egin zaiola bidea. «Jende gehiago ordezkatzen duzu. Angel eta Jon direnak dira; herri honen historiaren zati dira. Zer egin eta zer ez pentsatu behar izan dut: 'zer esango ote dit honek, zer hark', 'ondo ari ote naiz'… Eta azkenean, zeure buruari esaten diozu: 'Mikel, erditik! Seguru zaude egitera zoazena guztien onerako dela? Hala bada, aurrera!'».

Txiki eta Otaegi bezala, badakite Euskal Herriko historiak protagonista asko dituela. Argi daukate historia hori ondo kontatu behar dela. Paredes: «Herri honek memoria asko du; beti izan du. Herri berezia da. Jakin egin behar da urte hauetan guztietan gertatu dena. Egia kontatu behar dugu, gaur, hemendik bi urtera, edo bostera, baina egia. Eta gertatu den bezala kontatu behar da, ez bakoitzak bere aldea. Ondo egin ditugun gauzak jaso behar dira, eta baita gaizki egindakoak ere. Denak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.