Garoñaren ustiapen baimena. Lanak, egiteke

Hasi gabe, lau urte berandu

CSNk hainbat hobekuntza lan eskatu dizkio Nuclenorri 2009. urtetik; Garoñaren jabeak aitortu du egin gabe utzi dituela horietako zenbait, zentralaren etorkizuna zehaztu artean.

Jon Rejado.
Gasteiz
2017ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Denboran atzerako jauzia egin beharko du Nuclenorrek. Garoña berriz irekitzeko baimena jaso eta zentrala pizteko asmoa badu, lau urte egin beharko du atzera, gutxienez. Hain zuzen ere, Burgosko (Espainia) zentral nuklearra piztu aurretik, CSNk azken urteetan eskatu dizkion hobekuntza lanak egin beharko lituzke. Ordea, horietako asko egin gabe dauzka. Nuclenorrek, besteak beste, araudiaren segurtasunik eza baliatu du argudio gisa. Arrazoiak arrazoi, lan horiek egin gabe ezingo du zentrala ireki.

2009tik gaur arte izan diren Garoñaren inguruko gorabeherak baliatu ditu Nuclenorrek lanak atzeratzeko. Batetik, urte hartan PSOEren gobernuak lau urterako luzatu zuen zentralaren ustiapen baimena. CSNk hamar urterako baimena ere zilegi zela zehaztu zuen orduan, eta horretarako egin beharreko hobekuntzak ere zehaztu zituen. Ordea, erabaki politikoarengatik luzapena lau urtera mugatu zenez, Nuclenorrek ez ditu egin lan guztiak.

Bestetik, Fukushimako (Japonia) ezbeharraren ondorioz, hainbat lan gehigarri ezarri zizkioten 2012an. Dena den, Nuclenorrek zentrala gelditu zuen 2012ko abenduan, eta 2013an amaitu zitzaion ustiapen baimena. Zentralaren etorkizuna kolokan zegoela eta, ez zituzten egin lan horietatik gehienak.

Nuclenorrek pausoak eman ditu, baina inbertsio handirik ez du egin. CSNren lan egiteko moduak ahalbidetu dio hori: hobetu beharreko alorrak xehatzen ditu, eta enpresak hori lortzeko proposamenak egin behar ditu; proposamen horiek CSNren oniritzia jaso behar dute, eta, ondoren, enpresak egin ditzake. Egoera horretan dago Nuclenor, kasu askotan. 2016ko otsailean, adibidez, hobekuntza garrantzitsuak egiteko proposamenek oniritzia jaso zuten, baina lanak ez dira oraindik hasi.

Nuclenorrek egin duen obra nagusia erreaktorearen ontzia aztertzea izan da. Azterketa hori Doel (Flandria) eta Tihangeko (Valonia) zentral nuklearren arazoen ondorioz egin behar izan zuen: erreaktoreen ontzian milaka pitzadura atzeman zituzten. Atzerriko hainbat talde etorri ziren, baita puntako tresneria alokatu ere. Paco Castejon fisikari nuklear eta Ecologistas en Accioneko kideak gogora ekarri du esan zela hamar milioi euroko inbertsioa egin zuela Nuclenorrek.

Ura hozteko dorrea

CSNk eskatutako lan horiez gain, Ebroko Ur Konfederazioak eskatutako beste lan bat egin beharko luke: ura hozteko dorre bat. Zentral nuklearrak ez du araudia betetzen, hozteko baliatzen duen ura behar baino beroago itzultzen baitu Ebrora. Ibaitik hartutako uraren eta itzulitakoaren artean hiru graduren aldea egon behar da, gehienez; horrez gain, ibaira itzulitako urak ezin ditu 30 graduak gainditu. Garoñak, batez ere udan, ez du hori betetzen.

Horren aurrean, Castejonek bi aukera daudela zehaztu du: zentral nuklearraren potentzia jaitsi, ura horrenbeste ez berotzeko, baina argindar gutxiago ekoiztuz; edota hozte dorrea egin. «Gainontzeko lanak egingo balituzte, hozteko dorrerik gabe ere martxan jartzea izango lukete, baina ez ehuneko ehunean».

Azkenik, ez dago jakiterik zenbateko inbertsioa egin beharko lukeen aurretik zehaztutako lan horiek egiteko. Hasieran, 129 milioi euroren inbertsioaz hitz egin zen. Ura hozteko dorrea egiteko beste hogei milioi euro inguru beharko lituzketela uste du Castejonek. Halaber, gaineratu du kontuan hartu beharko litzatekeela Nuclenorren premia; hau da, lanak azkar egiteko hiru lan txanda baliatzea garestiagoa da bi txandatan antolatzea baino. «Guztira, ezustekoak kontuan hartuta, 200 milioi euro inguru beharko lituzke Nuclenorrek lanak egiteko, eta urte bateko epea», ondorioztatu du Castejonek. Hau da, zentrala irekitzekotan, 2018tik aurrera litzateke, baldin eta lanak are gehiago atzeratzen ez badituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.