Elkar besarkatuz eta Belfastetik elkartasuna adierazteko bidalitako whiskyarekin topa eginez ospatu dute absoluzio epaia gaur Walter Wendelin, Aritz Ganboa, Gabi Basañez, Unai Vazquez eta Dabid Sotok. Iruñean prentsaurrekoa eskaini dute 2010ean atxilotuak izan ziren beste kideekin batera eta Eleak-eko ordezkariekin batera.
Balorazioan poza nabarmendu arren, zuhurtzia ere azaldu dute. Izan ere, euren ustez, absoluzio epaia ez da Espainiako instituzio juridikoek justizia banatzeko gaitasunaren emaitza. "Urte luzetan erakutsi dute estatuaren interes politikoen zerbitzura dagoen tresna errepresibo bat baino ez direla", esan dute. "Hala ere, absoluzio epai hau garaipen politiko bat da".
Era berean, azpimarratu dute azken bost urteetan jasandako kalteak ez dizkietela ordainduko epaitegiek: "Atxiloketa inkomunikatua, tortura arriskua, espetxeratze prebentiboa, sakabanaketa, baldintzapeko askatasuna, ondasunak blokeatuta, familia hipotekatuak, pasaportea kentzea, kontrol judizialaren menpeko blokeoa...". Hala ere, euren militantzia eta lan internazionalistarekin jarraitzeko asmoa azaldu dute.
Bere aldetik, Eleak Libre dinamikako Zigor Olabarriak esan du atzo absoluzio epaiarekin batera Irunen Txanpi Harokarene eta Emilio Castillo atxilotuak izan zirela, 11 eta 13 hilabeteko espetxe zigorra betetzeko. "Horrek zer adierazten digu? Beraien interesen arabera eta gure presioaren arabera salbuespen politikak aplikatuko dizkigute modu ez hain bortitz batean, eta beste egunen batean modu ankerragoan, baina arazoak hor jarraituko du: Herri honen bizitza sozial eta politikoak salbuespen politiken menpe jarraitzen duela".