Haur bat larri zauritu da Gasteizen, bosgarren solairutik erorita

Aita Ertzaintzaren esku egon da hainbat orduz, baina goizaldean aske utzi dute deklaratu artean. Ertzaintza ikertzen ari da zer gertatu den.

jon olano
2024ko martxoaren 22a
07:05
Entzun

Ume bat larri zauritu zen Gasteizen atzo arratsaldean, etxebizitza bateko bosgarren solairutik jausi eta gero. Udaltzaingoak atxilotu egin zuen aita atzo iluntzean, 21 urteko gaztea, baina goizaldean epaileak hura aske uztea erabaki du, deklarazioa hartu bitartean. Ertzaintzak hartu du ikerketaren ardura.

Gasteizko Udaleko iturriek zabaldu dutenez, 16:45ean gertatu zen ezbeharra, Arabako hiriburuko Salburua auzoan; Martxoak 8 etorbideko etxebizitza batetik amildu da haurra. 11 hilabete ditu, eta larri zauritu da; Txagorritxuko erietxera eraman zuten, baina handik Gurutzetara lekualdatu dute goizaldean, Pediatriako zainketa berezietako unitatera. Familiak jakinarazi duenez, haurra larri dago, baina egonkor.

Udaltzaingoak haurraren aita atxilotu zuen aurrena, baina, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gero Ertzaintzak hartu du zer gertatu den ikertzeko ardura, eta gizona ez zela atxilotu behar ebatzi zuen. Arduragabekeriazko lesio delitua egozten diote aitari, eta epailearen aurrean deklaratu beharko du, baina ez hilketa egozten diotelako, halako prozesuetan ohikoa den moduan baizik. Familiak esan du gertatutakoa istripua izan dela.

Zabaldu dira jazoera izan den tokiko argazkiak, eta horietan ikusten da umea erori den etxebizitza blokeak ez duela ez balkoi eta ez tankerakorik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.