Haurreskolak partzuergoko langileek hiru orduko lanuztea egin zuten atzo Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 222 haur eskoletan. LAB, EILAS eta ELA sindikatuek antolatua zuten mobilizazioa, 11:00etatik 14:00etara, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ezarritako aurrekontu murrizketek langileen soldatetan eragin dutelako. Lanuztearekin batera, 700 hezitzaile inguruk elkarretaratzea egin zuten Eibarren (Gipuzkoa), Haurreskolak partzuergoko egoitzaren aurrean. Sindikatuen arabera, lanuzte deialdiari langile guztiek erantzun diote, gutxieneko zerbitzuak bete behar izan dituztenek salbu —behargin guztien %25—.
Partzuergoko langileek azken urteetan jasan dituzten murrizketak ekarri nahi izan zituzten gogora atzoko protestarekin. «2009. urtetik Haurreskolak partzuergoa dirua aurrezten ari da langileon kontura. Urte horretan aurrekontuetan langileon soldatarako %4 bideratua baldin bazegoen ere, langileok %3ko igoera izan genuen, eta gure kontura %1 aurreztu zuten». Joan den urtean, berriz, Jaurlaritzak aurrekontuak egokitzearekin batera jaitsiera «are nabarmenagoa» izan zela adierazi dute sindikatuek.
Duela bi aste EAEeko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetzat jo zuen itunpeko eskoletako eta Haurreskolak partzuergoko langileen soldatak murriztea. Sindikatuen iritziz, epaiak «agerian utzi du partzuergoak eta Hezkuntza Sailak langileekin izandako jarrera; orain, langileoi kendutako dirua noiz itzuliko diguten argitu beharko lukete».
Haur eskoletako murrizketak salatu dituzte
Soldaten jaitsiera salatzeko, lanuztea egin dute Haurreskolak partzuergoko beharginek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu