Haur lapurtuen ikerketa errazteko, sail arteko batzordea sortu du Jaurlaritzak

Osasun zentro pribatuak adopzio irregularren ikerketa zailtzen ari direla salatu du Rafael Bengoak

SOS Haur Lapurtuak elkartearen protesta, Bilbon, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Gasteiz
2012ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak sail arteko batzorde bat sortu du, haur lapurtuen auziko ikerketa erraztu ahal izateko. Jaurlaritzako hiru sail sartuta daude 1940ko hamarkadatik 1990eko hamarkadara arte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan egon ziren adopzio irregularren ikerketan: Justizia Saila, Herrizaingo Saila eta Osasun Saila. Batzordearen helburua komunikazioa eta elkarlana erraztea da. Ines Ibañez de Maeztu Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideetako zuzendariak koordinatuko du batzordearen lana.

Idoia Mendiak, Justizia Sailburuak, gogorarazi du hiru sailek dutela ardura desagertutako haurren eta adopzio irregularren ikerketan. Herrizaingo Saila Ertzaintzaren ikerketaren bitartez sartuta dago. Medikuntza Legaleko Euskal Autonomia Erkidegoko Institutua Justizia Sailaren ardurapean dago, eta hari dagokio DNA probak egitea; horrez gain, biktimen arreta psikologikoaz ere arduratzen da sail hori. Azkenik, Osasun Sailak ospitaleetako osasun txostenen erantzukizuna du, desagertu ziren haur horietako asko bere ardurapeko ospitaletan jaio baitziren.

Juan Kalparsoro EAEko fiskal nagusiarekin bildu ziren, atzo, Idoia Mendia eta Ines Ibañez de Maeztu, ikerketen egoeraren berri izateko. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 203 kasu ikertzen ari dira une honetan. Horietatik gehienak, 117, Gipuzkoan jarritako salaketen ondorioz ikertzen ari dira. Bizkaian 55 kasu ikertzen ari dira, epaiketetan jarritako salaketen zein fiskalak jasotakoen artean, eta Araban 31 kasu daude. Horiez gain, beste 30 kasu artxibatu dira.

Ikerketa gehienak Gipuzkoako ospitaleekin lotuta dauden arren, Bizkaiko kasu batena dago aurreratuen. Kasu horrekin zerikusia zuen ginekologo bat inputatu dute dagoeneko. Kalparsorok jakinarazi du adingabearen hobia zabaldu zutela, baina gorpuaren inolako arrastorik ez zegoela. Horrenbestez, haur horren erditzean parte hartu zuen ginekologoak inputatu gisa deklaratu du.

Kalparsorok jakinarazi du oraindik ez dagoela inputaturik Gipuzkoako ikerketetan, zenbait jaioberriren hobietan arrastorik aurkitu ez duten arren. Fiskaltza Ertzaintzarekin batera ari da lanean, kasu horiek ikertzeko, eta Kalparsorok Polizia egiten ari den lana txalotu du: «Ikertzen diren kasuak duela urte asko gertatu ziren, baina, zaila izan arren, lan zorrotza egiten ari dira». Orain arte, Espainiara hedatzen den adopzio sarerik ez dutela atzeman gaineratu du. Atzo jakin zen, bestalde, Tolosako (Gipuzkoa) epaile batek emagin bat eta mediku bat deitu dituela deklaratzera. Tolosan bertan gertatutako kasu bati buruz galdetuko die, otsail hasieran.

Zentro pribatuek, zaildu

Eusko Jaurlaritzak sortu duen sail arteko batzordeko kide batek zailtasun berri baten berri eman zuen atzo. Hain zuzen ere, osasun zentro pribatuen kontrako jarrerarekin topo egin du Osasun Sailak, Rafael Bengoa Osasun sailburuaren hitzetan. Ikerketa egiteko behar diren osasun txostenak ez ematea leporatu die klinika horiei, baina Osakidetzak zentro horiekin «oso zorrotz» jokatuko duela adierazi du.

Bengoak gogorarazi du ikertzen ari diren kasu asko duela «denbora asko» gertatu zirela, eta, ondorioz, behar diren txostenak eskuragarri ez egoteko arriskua dagoela. Ohartarazi du litekeena dela zentro batzuek osasun txosten horiek gorde ez izana, edo horiek eskuratzeko moduan ez egotea. Haatik, klinika horiek ere datuen kudeaketan «jokoaren arauak» bete egin beharko dituztela gogorarazi du Osasun sailburuak.

Osasun publikoaren barruan dauden osasun zentroei dagokienez, Bengoak nabarmendu du arazo adierazgarririk ez dagoela. «Gauzak ondo egiten ari dira». Ordea, aitortu du zenbait arazo egon daitezkeela Datuak Babesteko Legea dela eta. Haur lapurtuen auziaren barruan senideek osasun txostenak eskatu izan dituzte, baina ospitaleek ez dizkiete eman. Ezezko hori informazioa emateko ezezkotzat jo izan da, baina Bengoak gogorarazi du administrazioak informazioa «pertsona egokiari» ematen diola egiaztatu behar duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.