arta Lapatzak, senarrak eta euren lau seme-alabek maleta prestatu, Ilurdozko (Nafarroa) etxea utzi eta Belgika aldera jo zuten iazko udan, lan kontuak tartean zirela. Gaur egun Thorembaif-Saint-Trond herrian bizi dira, Bruselatik 40 kilometro ingurura, eta, bizitza, oro har, Euskal Herrian baino «garestiagoa» dela nabarituta ere, hobera egin dute zenbait kontutan, seme-alabengatik jasotzen dituzten dirulaguntzen atalean, esaterako.
«Belgikan, lanik egin gabe, diru gehiago jasotzen dut hilero seme-alabengatik, Iruñean lanean ari nintzela baino», aitortu dio 37 urteko emakumeak Berriari, telefonoz izandako solasaldian. «Nafarroan nengoenean, nire soldata osoa bideratu behar nuen seme-alabak zaintzen zituenari nahiz etxetik lanera joateko gasolioa pagatzeko», erantsi du.Konparazioa argia da. Lapatzak, lanean zegoenez gero, bi eratako laguntzak ematen zizkion iazko hasieran Nafarroako Gobernuak: 1.983 euroko ordainketa bakarra laugarren haurra izatean; eta, bestetik, hurrengo hiru urteetan, 100 euro hilero. Belgikara joanda, berriz, lan egiteari utzi zion, eta gizarte-langileek adierazi zioten 645 euro jasotzeko eskubidea zeukala hilabete bakoitzean; diru-kopuru hori emango diote, gainera, seme-alabak 25 urte bete edo etxetik alde egin arte (Nafarroan, kasurako, haurrak hiru urte bete arteko laguntzak ematen dira). «Europako gazteak, hala ere, Eukal Herrian baino askoz lehenago joaten dira etxetik», zehaztu du.Diru kopurua ez ezik, sistema bera ere bestelakoa da Belgikan, han familia bakoitzaren baldintzak hartzen baitira aintzat, hots, errentak, etxebizitza ordaintzen ari ote den eta abar. Hala, diru-sarrera gutxiko familia batek 2.500 euro jasotzen ditu. «Beharrizanen arabera» pagatzea «bidezkoagoa» dela uste du; Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan, berriz, ez dute baloratzen sendi bakoitzaren egoera ekonomikoa.
«Lehentasuna, familiari»
«Nafarroako diru laguntzak zein ziren jakinda, argi eta garbi daukat antzik ez dagoela Europan ematen ari direnekin. Belgikako bikoteek oso gogoan izaten dituzte zenbat seme-alaba eduki erabakitzerakoan», erantzun du, egoerak parez pare ipinita. Horregatik, Euskal Herrian ez bezala, Belgikan hiru seme-alabako familiak ikustea «oso ohikoa» dela erantsi du.
Lapatzaren aburuz, arazoa da Administrazio batzuek ez dutela oraindik behar bezala barneratu, herri batek «etorkizuna» izango badu, politika hauek «gakoa» direla. «Belgikan lehentasuna ematen diote familiari, eta nahiago dute familia zaintzea lana baino. Etorri orduko konturatu nintzen horretaz», arrazoitu du. Ingalaterran, Danimarkan edo Europako beste zenbait lekutan, gainera, botere publikoek are gehiago laguntzen dutela dio.
«Ez du merezi lan egitea»
Lapatza eta enparauak «pozaren pozez» bizi dira Belgikan, gainera, irakaskuntza publikoa (doakoa) nagusi delako. Emakumeak gogoan ditu oraindik Ilurdoztik alde egitean hilero jasotzen ari zen 100 euroko laguntzak: «Hutsaren hurrengoa zen hura, haur oihalak ere ezin erosi horrekin!».
Eskaria egin die administrazioei: laguntzak handitzeko. «Izan ere, horrelako diru laguntza txikiak emanda ez du merezi amek lanik egitea». Politika hauek lortu nahi dutenaren kontrakoa lortzen dutela dio.
FAMILIENTZAKO LAGUNTZAK
«Haur oihalak ere ezin erosi»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu