Haurdun zegoen bati kontratua ez luzatzea baliogabetzat jo du auzitegiak

Lanik egin gabe egon zen denbora onartu beharko dio Osakidetzak langileari, baita soldata ordaindu ere

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Gasteizko epaile batek baliogabetzat jo du haurdun zegoen Osakidetzako langile baten kontratua etetea. ELA sindikatuak eman du berria, eta epaiaren garrantzia nabarmendu du.

Sindikatuak jakinarazi duenez, emakumeak behin-behineko kontratua zuen, baina ez zioten luzatu, argudiatuta ezin zuela lanik egin haurdunaldiaren ondorioz. Epaiaren arabera, erabakia «bidegabea» izan zen. Hori dela eta, kontratua ez luzatzeagatik lanik egin gabe egondako denbora onartzeko agindu diote Osakidetzari, eta zegokion soldata ordaintzeko.

Sindikatuak aldarrikatu du oso epai garrantzitsua dela haurdun daudenen eskubideak babesteko. «Aurrekari bat ezartzen du, oinarri bat». Izan ere, salatu duenez, halako kaleratzeen aurka legeak babestu egiten dituen arren, praktikan ez da betetzen. «Kontratua amaitzean, ez diete berritzen».

ELAk esan du zerbitzu publikoek zorrotz bete beharko lituzketela haurdun dauden emakumeen lan eskubideak arautzen dituzten legeak. «Eredu izan behar dute. Kasu honetan, lanerako eta amatasunerako eskubideak uztartu behar ziren, baina ez zituzten uztartu».

Sindikatuek maiz salatu dituzte halako kasuak, eta ohartarazi dute krisi ekonomikoaren ondorioz ugaritzen ari direla. Gaineratu dute gero eta zailtasun handiagoak jartzen dituztela lana eta familia uztartzeko, eta Espainiako Gobernuaren lan erreformak egoera okertu besterik ez duela egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.