Eguraldi eguzkitsua lagun, eguerdia iristearekin bat astindu dituzte danborrak Donostiako haurrek. Aurtengoan, sansebastianak kultur hiriburutzaren inaugurazio ekitaldiekin batera egokitu direnez, gogoan izan dute Europako 2016ko beste kultur hiriburua ere: Wroclaw (Polonia). Bi pantaila handi jarri dituzte udaletxe kanpoan, hango haurrek eta Donostiakoek danborra aldi berean jotzeko. San Sebastian martxaz gain, Wroclawko ereserkia ere jo dute.
Kalean danbor hotsak nagusi ziren bitartean, udaletxean Cristina Iglesias eskultoreak Urrezko Danborra jaso du. Europako Kultur hiriburutzaren ideiarekin bat egiten du aurtengo sarituak, ekitaldian azaldu dutenez. Izan ere, nazioartean ezagunak dira haren obrak, eta Donostia munduan ezagutarazten egin duen lana nabarmendu dute. Eneko Goia alkateak eman dio saria eta "emakumea, artista eta donostiarra" izatea garrantzitsua dela azaldu du.
Azpeitian (Gipuzkoa) ere egin dute haurren danborrada. Eguraldi epela izan da nagusi, eta jende ugari bildu da kalean.