Haurrei atea itxi dieten tabernak salatzea aztergai

Hirukide elkartea zer egin aztertzen ari da; EAEko ostalarien presidenteak gurasoak salatu behar direla dio

2011ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Bilboko bi kafetegik sarrera debekatzen diete adingabeei, eta, hori dela eta, Hirukide familia ugarien elkarteak haien aurka salaketa jartzeko aukera aztertuko du. Hala adierazi du Natalia Diez-Caballero elkarteko buruak, nahiz eta hasiera batean uste izan neurri horien aurka ez zutela zereginik. Angel Gago EAEko Ostalarien Federazioko buruak, berriz, azaldu du kafetegien jarrera «legezkoa» dela eta eurak beharrean gurasoak salatu beharko liratekeela.

1995eko Ikuskizun eta Joko araudia hartu dute kontuan Bilboko erdiguneko bi kafetegik adingabeei sarrera debekatzeko. Atean jarritako kartelen bidez adierazi dute neurria, eta ohartarazi dute gizalegezkoak ez diren portaerak ere ez dituztela onartuko.

Hirukideren ustez, adingabeak dituzten familiak «baztertzen» dituzte. «Ezin dira parekatu helduen jarrera ezegokiak eta haurren jokamolde arruntak, bereziki adingabeak gurasoekin badaude», nabarmendudu Diez-Caballerok. Horregatik, harremanetan jarri ziren Bilboko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoarekin. «EAEn ez dago sarrera ukatzeko eskubidea arautzen duen legedirik, baina Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarriko gara zirrikituren bat ote dagoen aztertzeko».

Kalteturik sentitu diren gurasoei dei egin die Diez-Caballerok, kontsumitzaileen bulegoan edota udalean kexak jar ditzaten. «Egia da gurasook zentzuz jokatu behar dugula eta haurrak toki itxietan egoki portatzen ez badira bertatik irteten saiatu behar dugula; baina batzuetan zaila da jolastokiak eta terrazak dituzten tabernak aurkitzea, eta kasu horietan jendeak ulerkor joka dezan eskatu nahi dugu».

«Gurasoak salatuko nituzke»

Gagok jakinarazi du Bizkaian gaueko aisialdiko hamar bat lokalek dutela adingabeen sarrera galarazten duen kartela, eta hark dakiela, egunez diharduen batek. «Adingabeek ez dute arrazoirik gauez irekita dauden tabernetan egoteko, eta han baleude, haien gurasoei ireki beharko liekete espedientea», azaldu du Gagok.

Legeak erlijio, arraza eta sexu arrazoiengatik egindako bereizkeria debekatzen duela gogorarazi du, ez besterik, eta Bilboko kasuetan halakorik egiten ez denez jarrerak guztiz legezkoak direla. Hirukideren kritiken harira, Gagok gogor erantzun du: «Gurasoak salatu beharko lirateke haurrak oihuka kafetegiaren alde batetik bestera korrika dabiltzalako; esango nieke ostalaritza egoitzak ez direla jolas parkeak».

Gainera, uste du enpresari bakoitzak askatasuna izan behar duela bere bezeroak aukeratzeko: «Adingabeak sartzerik nahi ez badute beren lokalean dabilen jendartea molde jakin batekoa izan dadin nahi dutelako, erabat onargarria da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.