Haurren eta nerabeen eskubideen alde, familia umedunen sare bat osatu da Hego Euskal Herrian

Haurrak Ere Bai plataforma sortu dute, haurren eta nerabeen eskubideen alde egiteko eta haien ahotsa entzuteko. Taldeko kideek salatu dute umeen beharrak ez direla gogoan izan, eta konfinamenduak ondorioak eragin dituela. 

Bi haur egunotan antolatutako lapiko jotze batean. JON URBE / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko apirilaren 24a
13:40
Entzun

Haurren eta nerabeen eskubideen alde, guraso talde batek Haurrak Ere Bai plataforma sortu du. Hain zuzen, Hego Euskal Herriko zenbait familia umedunen arteko sare bat da, eta orain bi aste egin zituzten lehen urratsak. Maider Aizpurua plataformako kidea eta ama da, eta baita Lehen Hezkuntzako irakaslea ere. Salatu du alarma egoerak umeen eskubideak urratu dituela, eta, besteak beste, haietako bakoitzaren beharrak ezin izan direla ase. Egoerari aurre egin eta oreka bat bilatzea dute helburu: «Zuhurrak izan nahi dugu, eta umeak eta nerabeak babesteko nahia dugu, baina haien eskubideak eta beharrak kontuan hartuta».

Plataforma familia umedunek osatzen dute, baina horien artean badaude hezkuntza eta osasun arloan diharduten zenbait aditu ere. Hala, plataforma lau taldetan dago banatuta: haurrentzako prebentzioa, osasuna, hezkuntza eta komunikazioa. Hala ere, modu koordinatuan lanean ari dira hainbat mugimendutako kideekin. Batetik, Oinherri herri hezitzaileen taldearekin ari dira jardunean, Euskal Herrian. Haurren ahotsa eta beharrak kontuan hartzeko eskatzeko, adierazpen bat eta bideo bat kaleratu ditu taldeak, eta, hilaren 26rako, haurren aldeko txalo zaparrada bat ere antolatu du. Bestetik, Espainian sortu den Coronainfancias mugimenduarekin ere bat egiten du plataformak. Haurren eskubideen alde jarduten duen mugimendu bat da, eta, besteak beste, salatzen du pandemia gainditzeko estrategian ez direla haurrak kontuan hartu.  

Ondorio batzuk, agerian

Miren Camison ere taldeko kidea eta ama da, eta haurrentzako prebentzioan aditua. Adierazi du helburu dutela haurrak eta nerabeak ikusgai jartzea, hilabete pasaren ostean jada agertu direlako lehen ondorioak. «Haurren eta nerabeen eskubideak urratu egin dira alarma egoeran, eta haien beharrak ez asetzeak eragina izan du osasun integralean». Salatu du lo egiteko eta jateko orduan zenbait arazo sortu direla, eta haurren artean ere geroz eta gehiago direla haserre momentuak, esate baterako. Haur txikienen kasuan, gehitu du irudizko lagunak dituztela zenbaitek: «Umeek ez dute mundu birtuala ezagutzen, haiekin ez du erlazionatzeko era horrek funtzionatzen; beraz, bakartuta daude familiarekin». Nerabeen kasuan, berriz, ohartarazi du asko logeletan ixten hasi direla, familiakoekin egon gabe. Gainera, nabarmendu du 14 eta 18 urte arteko gazteen beharrak ez direla kontuan hartu. 

Halere, igandetik aurrera kalera irteteko aukera izango dute 14 urte arteko haurrek eta gazteek. Camisonek azaldu duenez, baliteke askok beldurra sentitzea, eta aholkatu du ingurune natural batera joateko, hala osasuna «erregulatu» ahal izateko. Hala ere, lanean jarraituko dute hemendik aurrera ere. Aizpuruak jakinarazi du lapiko jotzea antolatzen dutela egunero 19:55ean, eta haurrak eta nerabeak dauden etxeetako leiho eta balkoietan kamisetak jartzeko deialdia ere egin dute. Areago, gomendio sorta bat ere argitaratuko dute, haurrak kalera ateratzen diren unerako. «Egoera honi aurre egiteko batu gara, baina asmoa da gure umeen eskubideen alde lanean jarraitzea. Batu nahi duena sare sozialetatik batu daiteke», azaldu du Aizpuruak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.