EUSKARA

Haurrentzako jarduerak derrigor euskaraz egiteko baldintza baliogabetu du Auzitegi Gorenak

Lasarte-Oriako Udalak (Gipuzkoa) diru laguntzak jasotzeko baldintza gisa jarri zuen 16 urtetik beherakoentzako jarduerak euskaraz izatea. Orain, irizpide hori bertan behera utzi du Espainiako Auzitegi Gorenak.

Euskararen 9. Maratoia Lasarte-Orian, 2016an. JON URBE / FOKU
jon olano
2020ko ekainaren 18a
16:53
Entzun

2017ko martxoan onartutako ordenantza baten arabera, Lasarte-Oriako Udalak ezarri zuen udalaren diru laguntzak jasotzen dituztenek irizpide batzuk bete beharko dituztela hizkuntzari dagokionez. Hala zioen lehen puntuak: «Jarduera 16 urtetik beherakoei zuzendua bada, euskaraz izango da, ahoz zein idatziz». Bigarrenaren arabera, «jarduera adin guztietako herritarrei zuzendua bada, eta haiekin ahozko harreman zuzena baldin badu, lehenengo hitza euskaraz egingo dio herritarrari, eta ondoren herritarrak egindako hizkuntza-hautuaren arabera jarraituko du. Harremana megafonia bidezkoa bada, bi hizkuntzetan egingo da, euskarari lehentasuna emanez». Jesus Zaballos PSE-EEkoa zen orduan alkatea.

Horren kontrako helegite bat aurkeztu zuen Euskal Autonomia Erkidegoan Espainiako Gobernuak duen ordezkariak —PPko Javier de Andres zegoen orduan zeregin horretan—, argudiatuta Espainiako Konstituzioaren, Gernikako Estatutuaren eta Diru Laguntzen Legearen aurkakoa zela. Lehen instantzian, EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion udalari, argudiatuta neurriaren helburuek, «beren garrantzia konstituzionalarengatik, baztertzailetzat jotzen den muga hori justifikatzen» zutela. Espainiako Estatuko Abokatuak, ordea, auzia Auzitegi Gorenera eraman zuen.

Orain, epaileek ebatzi dute ordenantza horren 10.1, m) artikuluak tratu berdintasunaren printzipioa urratzen duela, eta jarduera horietatik kanpo uzten dituela «euskaraz derrigor jakin behar ez dutenez gaztelaniaz hitz egiten dutenak». Auzitegi Gorena ez dator bat EAEko Auzitegi Nagusiarekin, uste baitu EAEko epaileek «ahaztu» egin dituztela Espainiako Konstituzioaren 14. artikulua eta Diru Laguntzen Legearen 8.3 artikulua; horietan jasota dago tratu berdintasunaren eta bazterketarik ezaren printzipioa.
 
«Baldintza horren inposizioarekin, hizkuntz irizpide batek galarazten du, arrazoia edozein dela ere euskara ezagutzen edo menperatzen ez duen edonor, biztanleriaren sektore bati zuzendutako jarduera baten hartzaile izatea. Hizkuntza koofizial baten erabileraren sustapena eta dinamizazioa ez litzateke baztertzailea izan behar, inklusiboa baizik; alegia, orokortze handiago bat bilatu beharko luke», idatzi dute epaileek ebazpenean.

Funtsean, jujeek laburbildu dutenez, Espainiako Konstituzioaren 3.1 artikuluak ez du ezartzen nahitaez ezagutu behar direnik gaztelania ez diren hizkuntza koofizialak, eta, beraz, jarduera baten sustapena ezin da mugatu hizkuntza ofizial bakarrera, hizkuntza hori ez delako ezagutu beharrekoa: «Ez da zalantzan jartzen 16 urtetik beherakoei zuzendutako euskarazko jarduerak antolatzeko derrigortasuna, baizik eta, irizpide linguistiko horrekin, diruz lagundutako jarduera horren hartzaileei euskararen ezagutza inposatzen zaiela parte hartu ahal izateko».

Epaiak boto partikular bat dauka, Pablo Lucas Murillo de la Cueva eta Pilar Teso Gamella epaileek sinatua. Horiek uste dute EAEko Auztegi Nagusiaren epaiak ez duela urratzen ordenamendu juridikoa.

Epai «oso arriskutsua»

Iñigo Urrutia jurista eta Euskal Herriko Unibertsitateko Administrazio Zuzenbideko irakasleak BERRIAri azaldu dionez, «oso arriskutsua» begitandu zaio epaia: «Esan nahi du hizkuntza bat ez dagoela bestearen gainetik sustatzerik; euskarazko sustapena ez dagoela diruz laguntzerik». Arauaren defentsan, argudiatu zuten neurri selektiboa dela 16 urtetik azpikoentzako jardueretan euskara lehenestea, ez dela jarduera guztientzako arau orokor bat, eta gaur egun 16 urtetik beherako haur eta nerabe guztiak euskaldunak direla, hezkuntza sistemak hala bermatu beharra duelako; hortaz, ez dela neurri baztertzaile bat, publiko oso-osoa izan daitekeelako hartzailea.

Udal Legeak udalei ematen dien ahalmenetan oinarrituta ezarri zituen Lasarteko Udalak hizkuntza irizpide horiek, eta lege hori moldatzeko premia nabarmendu du Urrutiak, argiago jaso dezan udalei emandako babesa gisa horretako jarduerak antolatzeko orduan: «Udal Legeak ahalmen bat ematen du euskararen sustapenerako, eta zehaztapen handiagoa izan beharko luke».

Kontseiluak oso larritzat jo du epaia: «Estatuaren beste esku hartze baten aurrean gaude. Beste behin erakutsi nahi dute hizkuntza politikaren inguruko neurrietan zeinek duen azken erabakia», salatu du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak. Ulergaitza da epaia, Bilbaoren hitzetan. «Udalak irizpide hori ezartzeko justifikazio objektiboa eta arrazoizkoa baliatu zuen. Eskualde edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunak jaso bezala, egoera gutxituan dagoen hizkuntzaren aldeko neurriak hartzea ezin da diskriminaziotzat jo».

Ondorioz, «euskararen normalizazioa oztopatzeko helburua duen epaia» dela uste du Kontseiluak: «Hezkuntza ez-formala normalizazio prozesuan garrantzi handiagoa hartzen ari dela ohartuta hasi dira galga jartzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.