HEZKUNTZA

Haurreskolak sarean bi ume edo gehiago izanez gero, matrikula bakarra ordaindu beharko da

Kuoten araudia aldatzea erabaki du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako haur eskolen sare publikoak. Urtarrilean sartuko dira indarrean neurriak.

Haur eskola bat. JON URBE, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko urriaren 18a
07:23
Entzun

Kontziliazioa bultzatzeko neurriak iragarri ditu Haurreskolak partzuergoak. Kuoten sisteman aldaketak egingo ditu. Batetik, erabaki du 18.000 euro baino txikiagoko diru sarrerak dituzten familiek ez dutela haur eskolaren kuota pagatu beharko; bestetik, Haurreskolak sarean aldi berean ume bat baino gehiago edukiz gero, matrikula bakarra pagatu beharko dute.

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eman du neurrien berri. Adierazi du denera 600 bat familiak izango dutela neurri horien onura; partzuergoko ikasleen %13 inguru dira. Familien kopuruari erreparatuta, 500 bat dira 18.000 euroko errentara iristen ez direnak, eta haiek doakoa izango dute haur eskola. Nabarmen gutxiago dira aldi berean bi ume edo gehiago dituztenak Haurreskolak sarean: 80 bat.

Beste erabaki bat ere hartu du partzuergoak. Aurretiazko matrikula bat pagatu behar zuten orain arte gurasoek Haurreskolak sarean sartzeko: 91 euro. Bertan behera utzi dute hori.

Urtarrilean sartuko dira neurriak indarrean, eta jadanik matrikulatuta dauden umeei ere eragingo die. Uriartek jakinarazi du aurrekontu proiektuan txertatuko dutela asmoa —datorren astean du onartzekoa Eusko Jaurlaritzak—. Azkenean aurrekontuak onartuko ez balira parlamentuan, "beste formula batzuk" aztertuko lituzke gobernuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.