Gure Esku Dago dinamikak irailaren 26tik azaroaren 21era artean 'Eskura' izeneko hausnarketa prozesu bat egingo du, "hautetsontzietatik erabakira iristeko bideari ekiteko", ohar baten bidez jakinarazi duenez. "Ekainaren 21ean hautetsontziak eraiki genituen [bost ekitaldi handi egin zituen Euskal Herrian]. Hautetsontziei erabilera eman nahi diegu, noski: erabaki egin nahi dugu". Horretarako, "lehen geltoki" gisa planteatu du gogoeta bat abiatzea.
Prozesu hori diseinatuko duen hausnarketa izango dela dio Gure Esku Dago-k, eta bidea "herritarren eskura" jarri nahi du. Azaroaren 26an ezohiko batzar nagusi batekin amaituko du prozesua. Datorren astean xehetasun gehiago emango ditu.
Katalunian, "irakaspenak jasotzen"
Zelai Nikolas Gure Esku Dago-ko eledunak ANC eta Sumate Kataluniako erakunde independentistetako kideekin batera Euskal Herriaren eta Kataluniaren erabakitzeko eskubideari buruzko mahai inguru batean parte hartu du Bartzelonan, Euskal Etxean. Jordi Sanchez ANCko presidentea eta Paco Martinez Sumateko bozeramailea izan dira, hain zuzen, beste bi hizlariak.
Gure Esku Dago-tik Angel Oiarbide eleduna eta beste kide batzuk ere Katalunian dira. "Euskal Herrian erabakiaren aroa irekitzen ari garen honetan, Katalunian bezala erabakitzen ari diren herritarrengatik irakaspenak jasotzeko asmotan", dio erabakitzeko eskubidearen aldeko euskal dinamikak.